San Juango eskifaiak gora begira jarri dira
San Juan-Koxtapek goi mailan izango ditu aurten emakumeen eta gizonen eskifaiak. Hankak lurrean, iazko lan onari jarraipena eman nahi diote aurten.
Iazko sasoian Batelerak Euskotren Ligara igo ondoren, goi mailan arituko dira aurten San Juango bi eskifaiak, emakumeena eta gizonena. Biek ala biek hilaren 28an hasiko dituzte Euskotren eta Eusko Label ligak, Madrilgo Buitrago de Lozoyako uretan, eta bi eskifaiak «gogotsu eta ilusioz» daude neguan egindako lan ona udan islatzeko. Iragan igandean bi eskifaiak Santiago plazan aurkeztu ondoren, sanjuandarrak prest dira lehiarako.
Batelerak trainerua elitera bueltan da iaz sasoi bikaina osatu ondoren. 2024an berriro sortu zuten eskifaia, eta soilik bi urtean ETE Ligatik Euskotrenera egin dute jauzi arrosek. Iazko ETEn zazpi bandera irabazi zituzten, eta play-offean nagusitasunez gailendu ziren Donostiarraren, Zarautzen, Chapelaren eta Tiranen aurretik. Hori dela eta, goi mailan arituko da aurten Anartz Gereñok gidatzen duen eskifaia.
Neguko prestaketa ona izan dela baietsi du Gereñok. Entrenamenduak eta orain arteko emaitzak «onak» izaten ari direla zehaztu du arrosen prestatzaileak. Orain artean jokatutako jaitsieretan eta batel zein trainerilletan sentsazio positiboak izan dituzte, eta emaitza on horiek hilaren 7an Getarian jokatutako Euskadiko Txapelketan agerian geratu ziren, Batelerak hirugarren postuan sailkatu baitziren Arraun Lagunak eta Orioren atzetik. Emaitza horiek taldea «animoz» bete dutela esan du Gereñok, arraunlariek ikusi baitute «hor daudela eta ez daudela besteengandik urrun». Gakoa maila hori mantentzea izango dela zehaztu du sanjuandarren prestatzaileak.
Astebete geratzen da soilik arraun denboraldia hasteko, eta taldea «ondo eta gogotsu» dagoela aurreratu du Gereñok. Hala ere, prestatzailea «beldur pixka batekin» da, talde berria baitira kategoria nagusian. Iaz ez bezala, aurten estropada bikoitza izango dute astebururo, eta horrek «presioa» areagotuko duela nabarmendu du arrosen prestatzaileak. «Beldur pixka batekin naiz. Ea arraunlariek nola eramaten duten liga. Berriak gara eta ez dute liga hau ezagutzen. Taldea ondo dago, baina esaten diet zaila izango dela eta oinak lurrean izan behar dituztela».
Hankak lurrean, Gereñok jakinarazi du aurtengo helburuak jaitsierako play-offa ekidin eta Kontxara sailkatzea direla. «Hortik aurrera lortzen duguna positiboa izango da». Horrez gain, arrosen prestatzaileak aurreikusi du «borroka» egongo dela sailkapeneko erdialdeko ontzien artean. Arrosen asmoa da traineru horiekin lehian egotea eta estropadatik estropadara «maila onena» ematea.
Azken bi urteetan oinarriak finkatu ondoren, igoerako blokea mantendu dute. Pare bat baja izan dituzte soilik, eta horiek harrobitik etorritako gazte mailako arraunlariekin bete dituzte. Emakumeen traineruko arraunlari guztiak etxekoak dira, eta uda osoan horrela arituko direla aurreratu du Gereñok.
Iazkoari jarraipena ematera
2024an igoera lortu ondoren, itzuleraren denboraldia ere bikaina izan zen San Juango gizonentzat. Eusko Label Ligan maila erraz mantendu ondoren (zortzigarren izan ziren), Kontxara bueltatu ziren, zortzi urteko lehortearen ondoren. 2017an lehiatu zen azkenekoz Erreka Kontxan, eta zazpigarren izan ziren iaz.
Arrosen plantillak «nahi baino aldaketa gehiago» izan dituela jakinarazi du Joseba Fernandez prestatzaileak. Aurten «sei baja garrantzitsu» izan dituzte, eta klubaren filosofiari helduta, horiek harrobiko gazteekin bete dituzte. Neguan egindako lana «ona» izan dela aurreratu du Fernandezek, eta gazteek «aurrerapauso sendoa» eman dutela aurten. «Espero dugu izandako bajak gazteekin ondo betetzea. Dugun irudipena baiezkoa da. Iaz plantilla luzea aurkeztu genuen, eta gazteek bizipenak eta eskarmentua jaso zituzten liga ezagutu ondoren. Zorionez etekina atera diogu horri, eta aurten ikusten da jende horrek beste maila bat duela eta prest daudela goi mailako lehiaketa batean maila egokia emateko. Ilusio handiarekin ekingo diogu liga hasierari».
Sanjuandarren aurtengo eskifaia gaztea da, eta Fernandezek ez du «helburu zehatzik» jarri nahi izan, baina iazko denboraldia errepikatuko balute, helburuak betetzat emango lituzke arrosen prestatzaileak. Hala ere, talde «anbiziotsua» dira, eta Fernandezek «aurrerapauso bat» emateko itxaropena du: «Joan den urtetik bajak izan ditugu, baina lana ederra izan da, eta arraunlariek asko jarri dute beren aldetik. Itxaropentsu naiz, eta uste dut sailkapenean pixka bat gora egiteko gai izan gaitezkeela».
Orain artean egindako estropadetan «distirak» ikusi direla baietsi du Fernandezek, ondo aritu baitira. Jokatutako estropada horietan iazko denboraldiko bigarren txandako ontziekin borrokan aritu dira arrosak, eta horien aurretik sailkatzea ere lortu dute. Bide horretan, Erreka-ren prestatzaileak ligako bigarren txanda horretan egotea eta bertan lehiakor izatea nahi du aurten. Aurrez aipatutako anbizioari helduta, Fernandezek iaz baino hobeto hasi nahi du aurtengo liga, «lehen txandatik lehenbailehen eskapo egiteko eta liga lasaitasunez hartzeko».


