Arduraz jokatzeko deia egin du udalak
Bero bolada dela eta zuhurtzia eskatu du udalak bereziki aire libreko jarduerei dagokienean.
Maria de Lezo kaleko termometroak 37 gradu markatzen zituen 11:30ean. Tenperatura altuek eta baldintza meteorologikoek sortutako egoera dela eta, Errenteriako Udalak herritarrei gogorarazi die Euskalmet-ek astelehenaren eguerdiko 12:00etatik arratsaldeko 20:00etara alerta gorria izendatu duela muturreko tenperatura altuengatik; tenperatura maximoek 36 ºC gaindi ditzakete Errenteria-Oreretan. Egunaren gainekorako alarma laranja ere ezarri dute tenperatura altu iraunkorrengatik. Gaur astelehenean, berriz, abisu horia eman dute larrialdietako arduradunek baso suteen arriskua dela eta.
Bihar, asteartean, tenperatura altuen alarmak jarraituko du, baina laranja mailara jaitsiko da. Baso suteen arriskuak ere gaurko maila berean jarraituko du. Euskalmet meteorologia agentziaren arabera, egoerak, gutxienez, datorren asteazkenera arte iraungo du.
Egoera aintzat hartuta zuhurtzia eskatu du udalak bereziki aire libreko jarduerei dagokienean. Suteengatiko abisu horiak ez dakar suak egiteko debeku automatikoa, baina Errenteriako Udalak Listorretakoa bezalako merenderoetako su-guneak prezintatzea erabaki du. Eta eskatu du sua piztea saihestea, baita jarduera baimenduetan ere.
Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bero-boladetarako zabaldutako aholkuak gogorarazi ditu uadalak:
• Ura edatea maiz, egarria izan gabe ere, eta saihesea alkoholdun edo azukredun edariak.
• Toki freskoetan egotea, itzaletan edo klimatizatuetan, eta etxebizitzak aireztatzea bero gutxien dagoen orduetan.
• Jarduera fisiko handia murriztea, batez ere eguerdiko orduetan (12:00-17:00).
• Arropa arina erabiltzea, transpiragarria eta kolore argikoa; babestu burua eta begiak.
• Arreta berezia eskaintzea adinekoei, haurrei, gaixotasun kronikoak dituztenei eta aire zabalean lan egiten dutenei.
Sute-arriskuari dagokionez, Udalak ohikoak behar diren jokaera hauek gogorarazi ditu:
• Ez botatzea zigarrorik, fosfororik edo su hartzeko gai den bestelako materialik mendian edo landaredia dagoen eremuetan.
• Ez egin erretze-lanik edo txinpartak sor ditzaketen jarduerarik.
• Kea edo sua antzemanez gero, deitu berehala 112ra eta urrundu eremutik.
Errenteriako Udalak adi jarraituko diela eguraldi-iragarpenei eta larrialdi zerbitzuek emandako bestelako jarraibideei esan du. Eta, gerta daiteke, eguraldi-iragarpena aldatuz gero, jarraibideak ere aldatzea, beraz, komeni da Errenteriako Udalak web orriaren bidez eman ditzakeen bestelako komunikazioei adi jarraitzea.
Errenteriako Udalak herritarren lankidetza eskertu du eta gogorarazi du, eguraldi-baldintza zailak direnean prebentzioa eta zuhurtzia ezinbestekoak direla osasuna eta ingurune naturala babesteko.
