Bide publikoan alkoholaren kontsumoa arautzeko neurriak aurkeztu ditu Lezoko PSE-EEk
PSE-EEren proposamen artean daude kale-zurrutaren edo botiloiaren definizioa zehaztu eta arautzea, "baita debekatzea ere".
Hainbat lagun, kale-zurrutean, Lezokoa ez den artxiboko argazkian. Lezoko PSE-EEk eskatu du bide publikoan alkoholaren kontsumoa arautzeko neurriak ezar daitezela. Hala, zuzenketak aurkeztu dizkio Lezoko Herritarren Bizikidetzarako eta Bide Publikoaren Erabilera eta Garbiketarako ordenantzari, bi helbururekin: “Herritarren atseden eskubidea bermatzea, eta osasungarriak ez diren egoerak saihestea”.
PSE-EEk zehaztu du ordenantza horren hasierako onarpena 2026ko martxoko udalbatzarrean egin zela, eta Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zela hilaren 2an horri, 30 eguneko epean, alegazioak aurkezteko. Hala, “hasierako testua nabarmen hobetzeko” zuzenketak aurkeztu dituela azaldu dute sozialistek, “arautu gabe geratu diren funtsezko alderdiei helduta”.
Hala, PSE-EEren proposamen artean daude kale-zurrutaren edo botiloiaren definizioa zehaztu eta arautzea, “baita debekatzea ere”. Jarduera horrek bizilagunen lasaitasuna eta atseden eskubidea urratzen dituela uste du, eta gainera, jarduera bera ez dela osasungarria.
Horregatik, PSE-EEko bozeramaile Joxean Sanchezen ustez, ekarpen horiek ordenantzan sartzea “ezinbestekoa” da “udalari araudi eraginkorragoa emango diotelako auzotarren atsedena bermatzeko, ondarea babesteko eta bide publikoaren garbitasunari eusteko, udalerriari eragiten dioten bizikidetza-arazoei benetako irtenbideak emaneko”.
Bestalde, zuzenketen barruan kalean jartzen diren kartelen, pankarten edo itsasten diren paperen gaineko irizpideak ezartzea proposatu du PSE-EEk. “Hiri-altzarietan baimendu gabeko beste edozein publizitate-moduren ugaritzearekin amaitzea bilatzen duen atal bat jasotzen da, material horiek berehala kentzea aurreikusiz”.
