Usoz gaueko aparkaleku gisa erabili ahal izango da gaurtik
Udalak eta Lizeoak lankidetza hitzarmena sinatu dute Antxoko eremuaren erabilera, zaintza eta mantenua arautzeko.
Pasaiako Udalak eta Pasaia-Lezo Lizeoak lankidetza hitzarmena sinatu dute Antxoko ikastolako Usoz eremuaren erabilera, zaintza eta mantenua arautzeko. Akordioak hainbat alderdi jasotzen dituela adierazi dute bi aldeek: jolastokiaren erabilera antolatzea, etorkizunean eremuaren berrantolaketa bultzatzeko konpromisoak zehaztea eta Antxoko aparkaleku egoerari erantzuteko behin-behineko neurriak ezartzea.
Aparkalekuren aferari dagokionean, Usozko kanpa, ikastolaren kanpoaldeko patioa, gaueko aparkaleku libre gisa erabili ahal izango da gaurtik aurrera, ikasturtea bukatua baitago. Neurri horren helburua da Antxon azken hilabeteetan areagotu den aparkatzeko zailtasuna arintzea, bereziki topoaren obren ondorioz hainbat aparkatzeko espazio galdu baitira. Hala ere, bi erakundeek nabarmendu dute neurria behin-behinekoa izango dela, Usozko eremuaren erabilera hezkuntzari eta haurren aisialdiari lotuta jarraituko baitu.
Hori dela eta, erabilera baldintzak zaindu dituzte udalak eta Lizeoak: Usozko eremua soilik gauez erabili ahal izango da aparkaleku gisa: udako ordutegian 21:00etatik 08:00etara eta negukoan 19:00etatik 08:00etara. Asteburuetan ere ordutegi bera mantenduko dute, egunean zehar eremuak jolasgune eta topagune izaten jarrai dezan.
Ordezkariak, pozik
Teo Alberro Pasaiako alkateak eskerrak eman dizkio Lizeoari erakutsitako prestutasunagatik eta elkarlanerako borondateagatik: “Elkarlanik gabe ezinezkoa izango zen neurri hau martxan jartzea. Hasieratik argi izan dugu Usozek jolasgune eta hezkuntza eremu izaten jarraitu behar dela; horregatik ezarri dugu erabilera gauez bakarrik, baita asteburuetan ere, eta, horrez gain, parte hartze prozesu bat garatuko dugu datorren ikasturtean hezkuntza komunitatearekin, espazioaren erabiltzaile nagusien beharrak eta proposamenak jasotzeko”.
Alkatearen arabera, akordioak bi indargune nagusi ditu: “Batetik, haurrek eta gazteek identifikatutako jolasguneak, egonlekuak eta bestelako erabilera eremuak sortzeko bidea zabalduko du, eta bestetik, aparkalekuaren egoera konpontzen lagunduko du”.
Iker Vidal Pasaia-Lezo Lizeoko zuzendaria ere “pozik” azaldu da lortutako akordioarekin: “Familiek egindako eskaera bati erantzuten dio hitzarmen honek. Elkarlanaren bidez, espazio horren erabilera, zaintza eta etorkizuna modu argiagoan, arautzeko oinarriak ezarri ditugu, eta hori oso positiboa da guretzat”.
Vidalek adierazi du hitzarmenak “onurak” ekarriko dizkiela ikastolari eta Antxori: “Aurrerantzean argiago zehaztuta geratuko dira erabilera irizpideak, mantentze lanen eta garbiketaren ardurak, eta horrek segurtasun juridiko handiagoa emango die bi aldeei. Gainera, hitzarmen honek ikastolako jolastokiaren etorkizuneko berrantolaketarako oinarriak ezartzen ditu. Horri esker, parte hartze prozesu baten bidez, eremuaren etorkizuna elkarrekin irudikatu eta diseinatu ahal izango dugu”.
Bi aldeek baietsi dute akordioa ez dela “berehala” lortu, “espazioaren berezitasunak kontuan hartuta koordinazio eta lanketa handia egin behar izan baitira”. Usozko zelaigunea udal jabetzakoa bada ere, gaur egun lagata dago hezkuntza erabilerarako, eta horrek “ezinbesteko” bihurtu du bi erakundeen arteko adostasuna.
Horrez gain, udalak eta Lizeoak jakinarazi dute neurriak “malgutasuna” izango duela eta une jakin batzuetan egokitzapenak egin ahal izango direla ikastolaren, antxotarren edo gizarte jardueren beharrei erantzuteko. Adibidez, egunotan espazio horretan lehiatzen ari den futbito txapelketako arduradunekin harremanetan dago jada udala.
