Herritarrak itsas ingurumenaren babesean aktibatuko ditu Materrek
Materrek plogging izeneko jarduera egingo du larunbatean, Pasaia eta Ulia artean, 10:30etik aurrera. Parte hartzaileek 5 kilometroko ibilbide bat osatu, eta bidean aurkitzen dituzten hondakinak bilduko dituzte.
Zaborrik gabeko kostaldearen alde lelopean, Gipuzkoako kostaldea “aurrekaririk gabeko” sentsibilizazio kanpaina baten agertoki bilakatuko da larunbatean (hilaren 27an). Jon Aztiria korrikalariak gidatuta eta Materrek koordinatuta, iniziatibak “herritarrak itsas ingurumenaren babesean aktibatzea” du helburu, “errendimendu altuko kirola eta zientzia herritarra uztartuz”.
Jon Aztiria lasterkariak 100 kilometroko ibilbide bat osatuko du, 3.300 metro baino gehiagoko desnibel positiboa izango duena. Aztiria Hendaiatik abiatuko da 06:00etan, eta Ondarroan izango du helmuga, 21:00ak aldera. Bi herriak egun bakarrean lotuko ditu, eta asmoa ez da soilik distantzia osatzea, baizik eta “ingurua zaintzeko premiari ikusgarritasuna ematea”.
Materrek, egitasmoaren entitate koordinatzaile gisa, plogging izeneko jarduera antolatu du, Pasaia eta Donostiako Ulia artean. Plogginga oinez edo korrika egiten den bitartean hondakinak biltzen dituen jarduera da.
Ploggingeko parte hartzaileak 10:30ean bilduko dira Mater ontzian, eta Jon Aztiriarekin argazki ofizial bat aterako dute. Parte hartzaileek 5 kilometroko ibilbide bat osatu beharko dute, eta bidean aurkitzen dituzten hondakinak bilduko dituzte. Behin ibilbidea osatuta, 13:00ak aldera, bildutako hondakinak Uliako aterpetxera eramango dituzte pisatzeko, karakterizatzeko eta erakusteko, eta plastikoen arazoak itsasoan duen eraginaz kontzientziatzeko.
Parte hartzeko deia
Materrek herritar guztiak gonbidatu ditu larunbateko erronkan parte hartzera:
- Parte hartze aktiboa: Materren webgunearen bidez ploggingerako izena eman eta harremanetan jarri sare sozial bidez Jon Aztiriarekin (@jonaztiria Instagramen), lasterkariari ibilbideko tarteren batean laguntzeko.
- Puntu beltzak identifikatzea: Hondakin metaketaren argazkiak bidaliz @itsaszaintzasarea Instagram kontura herrietako kokapenetan, ikusgarritasuna emateko.
- Mezuaren zabalkundea: Sentsibilizazio kanpainako kartela partekatuz. Zaindu ingurunea, egin zure bidea mezupean, kartel horrek sare sozialak eta komunikabideak betetzea bilatzen du, prebentzioko mezua Gipuzkoako txoko bakoitzera heltzeko.
Larunbatean egingo den egitasmoa Itsas Zaintza Sarearen lanean txertatzen dela adierazi du Materrek. Sare horrek itsasoa bizi dutenen “ezagutza balioesteko eta etorkizun kolektiboa sustatzeko” egiten du lan. “Itsasoa ez da zabortegi bat, bizitzaren iturria da eta zaindu egin behar dugu”, nabarmendu du Materrek.
