Bero bolada bitartean hiri igogailuak ez erabiltzea gomendatu du udalak
Aholku prebentibo hau bero handiak eragin ditzakeen matxura teknikoen arriskuari lotuta dago, baita kabinen barruan tenperatura altuak metatzeko aukerari ere.
Sorgintxulo kaleko igogailuaren makinaria ordezkatuko du udalak. Argazkia: Herri Bizia Egunotan erregistratzen ari diren tenperatura altuak direla eta, Errenteriako Udalak gomendatu du hiri-igogailuak ez erabiltzea. Gomendio hau indarrean egongo da tenperatura altu hauek irauten duten bitartean.
Aholku prebentibo hau bero handiak eragin ditzakeen matxura teknikoen arriskuari lotuta dago, baita kabinen barruan tenperatura altuak metatzeko aukerari ere. Egoera horiek erabiltzaileen segurtasunean eragina izan dezakete, bereziki matxuraren bat gertatu eta pertsonaren bat barruan harrapatuta geratuz gero. Era berean, adinekoei eta kalteberatasun handiagoko pertsonei gomendatzen zaie joan-etorriak behar-beharrezkoak direnean soilik egitea eta eguneko ordu beroenetan kalera ez irtetea, bero-kolpeak eta tenperatura altuekin lotutako bestelako osasun-arazoak saihesteko.
Errenteriako Udalak herritarrak deitu ditu beroaldi honek irauten duen bitartean osasuna eta ongizatea zaintzeko beharrezko neurriak hartzera.
