"Aurrekaririk gabeko mugarria" Lezoko Beleak klubarentzat
Euskadiko Ligan, Senior Mailako txapeldun izan dira Eneko Castillo eta Julia Curto. Euskadiko Txapelketan, hiru domina Lezora.
Euskadiko txapelketetako podiumak dira ondokoak.Lezoko Beleak Sasoi bikaina izan da bukatzear dena Lezoko Beleak Eskrima Klubarentzat. Horren erakusle da Euskadiko Sableko Ligan lortu dituzten emaitzak: Senior Mailako txapeldun izan dira Eneko Castillo eta Julia Curto gizonetan eta emakumeetan hurrenez hurren. “Aurrekaririk gabeko mugarria izan da hori klub honentzat”, azaldu dute Beleen arduradunek.
Emaitza horiek joan den larunbatean Donostiako Pio Baroja kiroldegian egindako lehietan berretsi egin ziren. Liga horretako azken jardunaldia jokatu zen bertan, eta borrokaldi horiek aldi berean Euskadiko Txapelketarako baliagarri izan ziren.
Hala, larunbateko emaitza zehatzetara joanda, emakumeetan lehia horretan bigarren izan zen Curto Fortuna taldeko June Ruizen atzetik. Beraz, Euskadiko Txapelketan zilarrezko domina lortu zuen Curtok, eta ligarako puntuak ere pilatzen zirenez, hor lortutakoekin erregulartasunaren txapelketa edo liga bere egin zuen lezoarrak.
Gizonetan, Igor Zubizarreta eta Eneko Castillo bigarren eta hirugarren izan ziren hurrenez hurren, Fortunako Markel Amat sanpedrotarraren atzetik. Beraz, Euskadiko Txapelketan zilarra eta brontzea lortzeaz gainera, Castilloren kasuan liga bere egiteko adina puntu eskuratu zituen.
Larunbateko jardunaldian gurpil-aulkiko Espainiako Txapelketa ere izan zen. Lezoko Beleak Eskrima Klubeko kideek azaldu dute oso baliagarri izan zitzaiela taldeko gazteenei batez ere kirol egokituarekin lehen harremana egiteko, “eta beraientzat ezezaguna zen errealitate batera hurbiltzeko aukera izan zuten”.
Jarraian, Euskadiko Ligan eta Txapelketan lezoarrek sailkapen nagusian izan dituzten posizioak:
Euskadiko Txapelketa
- Gizonen sablea, Senior Maila: Irabazlea, Markel Amat (Fortuna KE), bigarrena Igor Zubizarreta (Beleak), hirugarrenak Eneko Castillo (Beleak) eta Jaime Azipurua (Fortuna KE) hemeretzigarren tokian sailkatu da Beleak taldeko Joao Da Silva, eta 22.ean Nico Infante.
- Emakumeen sablea, Senior Maila: Irabazlea, June Ruiz (Fortuna KE), bigarrena Julia Curto (Beleak) eta hirugarrenak Maria Jose Pardura eta Illari Pique (biak Fortuna KEkoak).
Euskadiko Liga
- Gizonen sablea, Senior Maila. Lezoko Beleen partaidetza: Eneko Castillo irabazle izan da, hamaikagarren Nico Infante, hamabosgarren Joao Da Silva, eta hemezortzigarren Igor Zubizarreta.
- Emakumeen sablea, Senior Maila. Lezoko Beleen partaidetza: Julia Curto irabazle izan da, eta hamabigarren Gala Amorena.
