Aniztasuna eta komunitatea ehundu dituzte Pasaian
Adinkideko emakume ehuleen taldeak kakorratzezko ehunka bihotz txikiz eta lorez osatutako bihotz erraldoi bat egin du, LGTBI+ Harrotasunaren Egunaren harira.
LGTBI+ Harrotasunaren Eguna ospatuko da igandean (hilaren 28an), eta Pasaiako kakorratz talde batek kakorratzezko ehunka bihotz txikiz eta lorez osatutako bihotz erraldoi bat egin du eskuz eta artisau erara.
Egitasmoa Adinkidek bultzatu du eta bere helburua da “emakume ehuleen taldeak auzoetan diskriminaziorik gabeko gizarte askeago baterantz jotzeko indarrak batzearen garrantzia ikusaraztea”. Bihotz koloreaniztun eta aldarrikatzaile hori ehuntzeaz gain, “elkarri laguntzeko, kidetasunerako eta gizarte kohesiorako sare sendo bat” ehundu dute Pasaian, puntuz puntu.
Kakorratz taldearen ekintzak, LGTBI+ Harrotasunaren Eguna gogoratzeaz gain, tokiko ingurunea eraldatu nahi duela adierazi du Pasaiako Udalak, “funtsezko” hainbat ardatzen bidez:
- Belaunaldien arteko loturak: Herriko belaunaldi ezberdinak elkartzea, topagune bateratuetan.
- Auzoa eraikitzea: Hurbileko harreman afektiboei balioa ematea, auzo sarea sendotzeko.
- Topaguneak sortzea: Auzoko bizilagunen artean loturak sortzea, jarduera artistiko baten bidez.
- Nahi ez den bakardadeari aurre egitea: Isolamendua prebenitzea, entzuna sentitzeko eta elkar zainduz taldean sortzeko espazio baten parte hartuz.
Jarduera hori Adinkidek, gizarte lan komunitarioan aditua den Blanca Caballerorekin batera, duela 6 urtetik Pasaian garatzen duen lan komunitarioaren aterkipean egiten ari dira. “Artisau prozesu etengabea da, entzute aktiboan eta pertsonen arretan oinarritzen dena, eta Pasaiako Tokiko Zaintza Ekosistemaren barruan hainbeste erakunde publiko zein pribaturen lankidetzan burutzen dena”, adierazi du Caballerok.
Eta jarraitu du: “Ehuntzea ez da soilik hariak edo artileak elkarrekin lotzea. Harremanak, aliantzak eta ikasbideak ehuntzea da, gure errealitatea hobeto ulertzeko eta herritar oso bihurtzeko aukera ematen digutenak”.
