'Paella lezoar erara' Herri Olinpiadak bukatzeko
2026ko Lezoko Herri Olinpiaden azken saioa egingo dute larunbatean (hilaren 27an). Talde guztiek paella lehiaketan parte hartuko dute.
Marrxoaren 14ko lehen saioko talde argazkia da honakoa. Bukatzear dira 2026ko Lezoko Herri Olinpiadak. Aurretik hiru saio egin ondoren, azkena larunbatean (hilaren 27an) egingo dute. Talde guztiek parte hartuko dute finalean. Baina, zer egingo dute? Paella. Paella lezoar erara. Jaki horren prestaketan izango dira hamar taldeak Saldise plazan goizean hasita. Ondoren, haiek egindakoarekin herri bazkari autogestionatua egingo dute plaza horretan bertan, paellada. Nola ez, lehiaketa denez, irabazle bat izango da. Baina sari banaketa ekitaldirako adi egon daitezela talde denak.
11:00-11:30 artean hasiko dira hamar taldeetako kideak euren arroz otorduak egiten. Lagunarte bakoitzak zortzi pertsonarentzako paella egin beharko du. Sua, arroza eta olioa Komite Olinpikoak emango die parte hartzaileei; taldeen esku geldituko dira kozinatzeko tresnak eramatea (tartean zartaginak, kazuelak edo paellerak), eta paella aberasteko osagarriak (gehienez 20 euroko gastuarekin). Ordu eta erdiko epean egin behar dira paella horiek.
Estua izango da azken jardunaldia. Izan ere, 2026ko Lezoko Herri Olinpiaden sailkapen nagusian bi talde daude argi buruan, baina erne egon daitezela, atzean dituztenek ziur paella egiteko errezeta goxo-goxoak lortu dituztela handik eta hemendik. Honakoa da, aurretik egin diren hiru proben ondoren, sailkapen nagusia.
- 1. Bidea Gara, 230 puntu.
- 2. Al-Dekhflipau, 230 puntu.
- 3. Kaña, 180 puntu.
- 4. Errefusa, 160 puntu.
- 5. Lez Go!, 150 puntu.
- 6. Beatzi Gau, 130 puntu.
- 7. Perretxikuak, 100 puntu.
- 8. Pronponpon, 90 puntu.
- 9. Sugarrak, 40 puntu.
- 10. Kosto de Marfil, 0 puntu.
