Portua eskualdatzea eta Oarsoalderako estrategikoak diren trenbide azpiegiturak aldarrikatu ditu EAJk
Aitor Esteban EAJko EBBko presidenteak lan jardunaldi bat egin zuen atzo Pasaiako portuan, eta Izaskun Goñi presidentearekin bildu zen bertan.
Aitor Esteban EAJko EBBko presidenteak lan jardunaldi bat egin zuen atzo Pasaiako portuan Loreto Osa Pasaiako bozeramailearekin, Elixabete Murua Errenteria-Oreretako bozeramailearekin eta Alaitz de La Maza Lezoko zinegotziarekin. Alderdi jeltzaleko ordezkariak Oarsoaldeko eskualdeko eragile sozioekonomikoekin bildu dira, eta Albaolan edota Pasaiako Portu Agintaritzako Izaskun Goñi presidentearekin izan dira.
EAJk adierazi du Pasaiako portuak “erabakitzeko gaitasun propioa eta inbertsio ahalmena” behar dituela, “herri ikuspegi estrategiko baten baitan”. Hori dela eta, “azpiegituraren eskualdaketa Euskadira egitea” eskatu dute, “herrialdearen lehentasun ekonomiko, industrial eta logistikoekin lerrokatu ahal izateko eta lehiakortasunaren, Europarekiko konektibitatearen, ekonomia urdinaren eta etorkizuneko industriaren zerbitzura dagoen tresna bihurtzeko”.
Alderdi jeltzaleak nabarmendu du portuak “50 milioi eurotik gorako inbertsio beharrak” identifikatu dituela 2030era bitartean, “bere lehiakortasuna bermatu eta Atlantikoko Ardatzeko erreferentziazko nodo logistiko gisa sendotzeko”. “Etorkizuna bermatzeko” jarduketen artean, honakoak aipatu dituzte: Lezoko kanalaren nabigagarritasuna hobetzea, kaiak birgaitzea, sakonerak handitzea, espazio logistikoak modernizatzea eta tren konexioak garatzea. “Hala ere, agerikoa da behar horiek kudeaketa hurbilagoa, konprometituagoa eta Euskadiren interesekin lerrokatuagoa eskatzen dutela”, esan du EAJk.
Alderdi jeltzaleak zehaztu du “portuaren etorkizuna ezin dela ulertu oraindik egiteke dauden tren azpiegituren garapenik gabe”. Bide horretan, eta portuaren eskualdaketarekin batera, “Lezoko Terminal Intermodal eta Logistikoa berehala gauzatzea eta hari lotutako tren jarduketa guztiak behin betiko bultzatzea” eskatu du EAJk.
Esteban buru duen alderdiak gogorarazi du 2020ko urtarrilaren 22an Garraio Ministerioaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko Lankidetza Protokoloa sinatu zela aipatutako “azpiegitura estrategiko” hori garatzeko. Sei urte eta erdi igaro dira ordutik, eta EAJk baietsi du proiektua oraindik ez dela gauzatu; bitartean, “Gipuzkoak aukera logistiko, industrial eta ekonomikoak galtzen” jarraitzen duela zehaztu du alderdi jeltzaleak.
EAJren arabera, Lezoko Plataforma Logistiko Intermodala “funtsezko” pieza da “portuaren etorkizunerako eta Euskadi osoaren lehiakortasunerako”. Jarduketa horrek, “portuari lotutako tren garraioa indartzea, portuaren gaitasun logistikoa handitzea, intermodalitatea sendotzea eta Atlantikoko Korridorearen bidez Europarekiko lotura hobetzea” ahalbidetuko duela adierazi du alderdi jeltzaleak.
Eraldaketa hori bideragarri egiteko, EAJrentzat “lehentasunezkoa” da Euskal Y-aren Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartearen exekuzioa bizkortzea, “Astigarragaraino dagoeneko eraikita dagoen plataforma berriari jarraipena emango dion tren plataforma berria eraikiz”. “Jarduketa hori funtsezkoa da merkantzien eta bidaiarien trafikoak bereizteko, trenbidearen gaitasuna handitzeko eta Pasaiako portuaren eta Europako garraio sare transeuroparren arteko lotura eraginkorra bermatzeko”, adierazi du EAJk.
Aldi berean, jarduketa horrek Donostialdeko hirigune nagusietatik merkantzien tren zirkulazioa ateratzea ahalbidetuko duela nabarmendu du alderdi jeltzaleak, “trafiko pasantea murriztuz eta milaka herritarren bizi kalitatea hobetuz”.
“Ezin dugu onartu Pasaiako portua Europako sare logistiko handietatik isolatuta geratzea. Horregatik, egiteke dauden tren azpiegitura handiak bukatzen diren bitartean, nazioarteko zabalerako tren konexio zuzena portu barruraino berehala ezartzea ere eskatzen dugu, Astigarraga eta Irun artean ezarritako hirugarren errailaren antzeko konponbide baten bidez”, esan du EAJk.
Pasaian sartzen eta irteten diren merkantziek “Europarekin zuzenean eta lehiakortasunez konektatzeko aukera” izan behar dutela zehaztu du alderdi jeltzaleak. “Arlo honetan gertatzen den edozein atzerapenek aukera galera dakar gure enpresentzat, gure industriarentzat eta gure lurraldeko enpleguarentzat”, esan du EAJk.
“Oarsoaldeak, Gipuzkoak eta Euskadik erabakiak, inbertsioak eta konpromiso zehatzak behar dituzte. Pasaiako portuaren eskualdaketa, Lezoko Terminal Intermodal eta Logistikoaren exekuzioa, Euskal Y-aren Astigarraga-Oiartzun-Lezo tartearen garapena eta nazioarteko zabalerako tren konexio zuzena ezartzea apustu estrategiko beraren parte dira: Euskadik portu lehiakor bat, Europarekin konektatua eta etorkizuneko logistika eta industria lideratzeko prest dagoena izatea bermatzea”, bukatu du alderdi jeltzaleak.
