Sua piztu da Arramendiko San Joan suan
Arramendi magalean San Juan sua egiteko pilatutako materialak su hartu du bart.
Suhiltzaileak Gaztañon sua itzali eta kontrolatzen.Gaztañoko Auzo Elkartea San Joan suen gaineko debekua zabaldu zuen San Joan bezperarako Errenteriako Udalak, bero boladaren testuinguruan eta segurtasun irizpideengatik. Ez zen surik piztu hortaz, baina jaia ospatzeko pilatutako erregaiak pilatuta dira. Gaztaño auzoko San Joan suan ere horrela jarraitzen zuen materialak, pilatuta. Ez zuten piztu 23ko gauean, esan moduan, debekuarengatik, baina bart 04:00ak aldera, sua piztu da Arramendi magalean. Piztu da edo piztu dute? Galdera hori airean utzi du Gaztañoko auzo elkarteak: “Izan ere, bero boladan bertan izan da pilatuta materiala eta ez da ezer gertatu bart arte. Ez dakigu sua berez piztu den, edo norbait dagoen horren atzean”.
Sua piztu da Arramendin, eta argi esan du auzo elkarteak, “ez nahi genuen moduan, ezta momentuan ere”.
Udaltzaingoa eta suhiltzaileak bertaratu dira Arramendi magalera sua kontrolpean izateko. Ingurua busti, eta pilatutako erregaia modu kontrolatuan erretzen utzi dutela suhiltzaileek azaldu dute auzo elkartetik. Ez dutela suaren beroaz disfrutatzeko aukerarik izan penatuta azaldu da jai batzordea, baita haserre ere bart izandako gertaerarekin, “gaztañoar asko sutan gara une honetan”. Izan ere, larunbaterako egina zuen zita jai batzordeak auzotarrekin, pilatutako egur multzoa bertan gelditu ez zedin, “auzotarrei larunbatean biltzeko deialdia zabaltzen ari ginen—ordurako bero bolada bukatuta izatea aurreikusten baita—, modu herrikoian eta familia giroan sua eman eta jaien zikloa egoki ixteko”.
Suhiltzaileei aitortza Gaztañoko auzo elkarteak: “jo eta su aritu dira lanean sua berpiztea ekiditeko”. Penaz bukatu dute, “Arramendin kea eta txingarra baino ez da geratzen orain”.
