Errenteriako Udala: "Inoiz baino garrantzitsuagoa da LGTBIQ+fobiarik gabeko herri baten alde borrokatzen jarraitzea"
Biharko LGTBIQ+ Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira, Errenteriako Udala LGTBIQ+fobiaren kontrako borrokara batu da.
Bihar da, ekainaren 28arekin, LGTBIQ+ Pertsonen Eskubideen Nazioarteko Eguna. Horren harira, Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek adierazpen bateratua egin eta jendartera zabaldu dute. Azaldu dute ekainaren 28a “ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna” dela, baina horren aurrean eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doazela, “armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude”. Hala, diskurtso eta jarrera jorien kontrako borrokara batu da udala, eta sei konpromisoko erakunde adierazpena egin du, “inoiz baino garrantzitsuagoa da LGTBIQ+fobiarekin gabeko herri baten alde borrokatzen jarraitzea”.
Jarraian, hitzez hitz, Errenteriako Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek adostu duten adierazpena:
“Ekainaren 28a ospakizunerako, memoriarako eta aldarrikapenerako eguna da. Gure gizartean dagoen aniztasuna ikusgarri egin nahi dugu, eta pertsona askoren eta mugimendu sozialen ahaleginari esker lortutako eskubideak defendatu. Eraso LGTBIQ+fobikoen datuak gora doaz, armairuak presente jarraitzen du gure bizitzako arlo guztietan, diskurtso patologizatzaileak ugaritzen ari dira eta ondorioz gure bizitzak arriskuan daude.
Hau horrela, inoiz baina garrantzitsuagoa da nondik gatozen ospatzea eta aldarrikatzea eta LGTBIQ+fobiarik gabeko herri baten alde borrokatzen jarraitzea, zeinetan pertsona guztiak askatasunez, duintasunez eta beldurrik gabe bizi ahalko diren. Diskriminazioak ez du modu bakarrean eragiten, eta ez die pertsona guztiei berdin eragiten. Gurutzatzen gaituzten faktoreak askotarikoak dira. Sexu-orientazioa, genero-identitatea edo gorputzak beste egoera batzuekin uztartzen dira sarri: arrazakeriarekin, pobreziarekin, etxerik ez izatearekin,haurtzaroarekin, desgaitasunarekin, aniztasun psikikoarekin edo bestelako bazterketa egoerekin.
Horren aurrean, gogorarazi behar dugu gizarteko espazio guztiak herritar guztienak direla. Eta espazio bat benetan publikoa bada, anitza izan behar du nahitaez. Kaleak, erakundeak, ikastetxeak, kultur guneak eta komunitate espazioak pertsona guztiek berdintasunean egon eta parte hartu ahal izateko lekuak izan behar dira.
Horregatik da beharrezkoa oraindik ere ekainaren 28an ahotsa altxatzea. Ospatzea ere erresistentzia egitea delako. LGTBIQ+ pertsona guztien errealitateak ikusgarri egiteak garrantzitsua izaten jarraitzen duelako. Eta oraindik ere badirelako bazterrean geratzen diren ahotsak, bizipenak eta beharrak.
Kolektiboek eta norbanakoek urteetan zehar egindako lanari esker lorpen handiak egon dira. Orain antolatzen eta borrokatzen jarraitzea ezinbestekoa dugu, lorpenetan atzera pausurik ez egoteko eta eskubideetan aurrera egiten jarraitzeko. Gure kasuan, instituzioetatik politika publiko integral eta sendoak, perspektiba feministan oinarritutako zerbitzuak, babes kolektiborako eta autodefentsarako mekanismoak ezartzeko bideak lantzen jarraitzea ezinbestekoa dugu. Anekdotikoak diren politikak alde batera utzi, eta estrukturalak diren horiek erdigunean jartzeko garaia da.
Errenterian horretan ari gara, eta sei konpromiso hauetan berresten gara:
-
- Ekintza-plana garatzen jarraitzea, LGTBIQ+ pertsonen bizi-baldintzak hobetzeko, LGTBIQ+ Politiken Aholku Batzordearen eskutik.
- Errenteriako Udalak gizartearekiko kontzientziazioa bultzatuko duten jarrerak eta politikak sustatzen jarraitzeko konpromisoa hartu du, jarrera LGTBIQfobikoak eta jarrera horiek baztertuko dituen pentsamolde-aldaketa eraginkorra izan dadin; hala, LGTBIQ+ pertsonen sentsibilizazio- eta ahalduntze-kanpainen programazioarekin jarraitu eta LGTBIQ+ tokiko oroimenaren aldeko lanak edo indarkeria LGTBIQfobikoen aurkako jarduera-programak garatzeko konpromisoa hartzen du.
- Martxan dauden LGTBIQ+ pertsonen ahalduntze-dinamiketan sakontzea eta horiek indartzeko estrategiak garatzen jarraitzea.
- LGTBIQ+ pertsonen errealitatea txertatzea indarkeria matxistaren aurkako kanpainetan eta sentsibilizazio-protokoloan, Madalenak jaietan eta baita auzoetakoetan ere.
- LGTBIQ+ taldearen ikusgarritasuna indartzeko, ekainaren 28an Udaletxeko balkoian ostadar bandera eta harrotasun trans bandera jartzea eta, horrez gain, baita ekainean zehar Kaputxinogainako biribilgunean ere.
- Errenteriako Udalak dei egiten die herritarrei Ekainaren 28aren bueltan antolatu diren ekimen eta mobilizazioetan parte hartzeko”.
