140 ekintzatik gora madalenetan
Gerturatzen ari dira madalenak, eta gogotsu da jai batzordea uztailaren 21etik 25era bitartean herriko plazak eta txokoak musikaz, kolorez, dantzaz eta topaketez bete daitezen.
Jai batzordeak ostiralean egindako aurkezpenean.Herri Bizia Gerturatzen ari dira madalenak, eta gogotsu da jai batzordea uztailaren 21etik 25era bitartean herriko plazak eta txokoak musikaz, kolorez, dantzaz eta topaketez bete daitezen. Hilabeteak daramate lanean egitarau anitza sortzeko, eta antolatutakoak guztien gozamenerako izan daitezen nahi dute.
Ostiralean egin zuen aurkezpena jai batzordeak eta hainbat datu eman. Denera, 140 ekintzatik gora antolatu dituzte—130 izan ziren iaz—: erakusketa, antzerki, kirol jarduerak, danborradak, dantza, lehiaketa eta dastaketa gastronomikoak, besteak beste. Horietatik guztietatik, gainera, 55 izango dira musika emanaldiak, “publiko eta gustu ezberdinei zuzenduta”.
Jaietako une berezietako bat txupinazoa da. Aurten ere hiru txupinazo izango dira: mila koloreko txupinazo txikia, Holi txupinazoa, eta txupinazoa. Azken hori zuzenean jarraitzeko aukera izango da Herriko Plazan, edota Zumardian udalak jarriko duen pantaila erraldoiaren bidez. Bertaratu ezin dutenek, gainera, etxetik edota munduko edozein puntutik jarraitzeko aukera izango dute zuzenean emango baitute stremaning bidez Herri Bizia webgunean (egin klik hemen).
Elkarlanaren lehen topagunea, hilaren 21ean 14:00etan izango da jaiak hasi baino ordu batzuk lehenago, Herriko Plazan egingo duten herri bazkaria, “jaiari hasiera kolektiboa emateko aukera eskainiko du”. Bazkarirako txartelak 17 euroan dira salgai helduentzat eta 11 euroan, haurrentzat, eta menu beganoa ere eskainiko da 17 euroan. beganoa aukeratu nahi dutenek, behin txartela eskuratuta mezua bidali beharko dute posta elektronikoz (klik hemen). Txartelak uztailaren 12ra arte eros daitezke Reyna tabernan eta Desira tabernan.
Madalenetako zapiak salgai direla dagoeneko jakinarazi du jai batzordeak, 7 euroan eros daitezke herriko hainbat puntutan. Erdialdea (Hostoak, Mª Asun Lentzeria, Paris Mertzeria, Rosmy, Buxan), Lartzabal (Lartzabal Taberna), Gabierrota (Zubia Kafetegia), Fanderia (Errota), Agustinak (Uriña), Kaputxinoak (Geza eta Gazia Gozo-denda, Sorgintxulo Estankoa), Beraun (Koro Oinetakoak), Pontika (Eder Gozo-denda), Galtzaraborda (Yoli gozo-denda), Iztieta (Casamayor) eta Olibet (Lekuona Fabrikako Kantina).
Jaiak denen gozamenerako eta erasoez libre gozatu ahal izateko apustua egin du jai batzordeak, “madalenak guztiontzat espazio seguru eta libreak izan daitezen, inolako eraso edo bazterkeriarik gabe”.
Madalenak ilusioz prestatu dituztela esan dute bukatzeko: “Madalenak herritik sortu eta herriarentzat bizi diren ospakizunak izatea da helburua. Hori horrela, eherritarrak modu aktiboan parte hartzera deitu nahi ditugu, elkarrekin biziz, partekatuz eta madalenetako magia kaleetan berriz ere guztion artean marraztuz”.
Bazkariko menuak
Helduak (17€)
• Entsalada mistoa
• Langostinoak
• Oilaskoa parrilan egina
• Limoizko sorbetea
Haurrak (11€)
• Kroketak
• Patea
• Oilaskoa parrilan
• Izozkia
Menu beganoa (17€)
• Entsalada mistoa
• Kroketa beganoak
• Lasaña beganoa
• Limoizko sorbete beganoa
