45 aparkaleku berri Agustinak eta Lartzabal arteko errepidean
Gaurtik erabilgarri daude aparkaleku horiek, eta erabilera doakoa da, TAO zerbitzurik gabekoa.
Otaegi eta Lemos udalak egokitu dituen 45 aparkaleku plaza berrien ondoan. 45 aparkaleku berri zabaldu ditu udalak gaur. Jorge Oteiza ibilbidean dira plaza berri horiek, doakoak, hau da, TAO eremutik kanpokoak dira. Aizpea Otaegi alkateak eta Bernar Lemos Hiri Mantenuko zinegotziak gaur goizean egindako agerraldian eman dituzte xehetasun denak. Udalerrian dagoen aparkaleku plazen kopurua handitzeko helburuz hainbat aparkaleku plaza berri egokitu dituela udalak azaldu du alkateak, “hori horrela, kokaleku ezberdinetan habilitatu ditu udalak aparkaleku plaza berriak”. Horietako bat da, Agustinak eta Lartzabal lotzen dituen errepidean egokitutako plazak.
Plaza berri horiek lortzeko karriletako bat erabili du udalak, hiru bide zituen errepideak tarte horretan. “Plazen ezaugarrietako bat da 6 metrokoak direla eta horrek, beraz, ahalbidetuko du bestela hirigunean aparkatu eta dezentetako eragozpen sortzen duten ibilgailu luzeak bertan aparkatzeko aukera ematea. Interesgarria da, beste zenbait lekutan, ibilgailu handi horien atzeko alde edo muturrek ere eragozpenak eragiten dituzte errepidetan eta baita espaloietan ere oinezkoen pasabideak baldintzatuz”, azaldu du Otaegik.
Abiadura Jorge Oteiza pasealekuan 30era mugatuta badago ere, abiadura handiagoan pasa ohi dira ibilgailuak bide horretatik, eta agerraldi bitartean agerikoa izan da hori. Aparkaleku plaza berriak jarrita abiadura hori mugatuko dutela erabiltzaileek uste du udalak, “30era mugatuta dago abiadura bertan, eta hiru karril izanda jendea abiadura azkar samarrean dabil. Aparkalekuak jartzea bada ere trafikoa moteltzeko modu bat, segurtasun ikuspegiarengatik, baita trafikoak sortzen duen zaratarengatik. Bdhin ibilgailuak aparkatzen hasita espero dugu motelduko dela abiadura hori; bestela, abiadura hori moteltzeko neurriak hartuko ditugu”.
Beste bi aparkaleku berri ere zabaldu berri ditu udalak: Altzaten duela hilabete 55 plazako aparkalekua TAOpekoak horiek, eta horiez gain Erdigunean ere 42 plaza habilitatuko ditu udalak irailean, “Udal Euskaltegiko aurreko espazioan, egun gaueko aparkaleku gisa erabiltzen dena, 24 orduko aparkaleku gisa egokituko da, hori ere TAOpekoa izango da. Plazak egokitu, baina sarbide eta irteera ere antolatuko ditugu garraio fluxuak egokiagoak izan daitezen”.
Olibet Etxeberrietako aparkaleku berria ere aurki jarriko dutela martxan azaldu du alkateak, “aparkaleku berria egiteko obrak berehala jarriko dira martxan eta bertan, 69 laza berri sortuko dira Lizitazioa eginda dago, enpresa kontratatua eta gure desioa da lanak lehenbailehen hastea”.
Aparkaleku plazak areagotzeko “borondatea” agerian jarri du Otaegik, “badago ikuspegia disuasorioak eta intermodalak izan daitezkeen aparkalekuak sortzeko, uste baitugu, horrek mesede egiten diola hiriguneko trafikoari eta uste dugu ere erabiltzaileentzat egokiagoa dela garraio publikoaren ondoan aparkatu ahal izatea, edota autoa utzi eta herrian oinez mugitu ahal izatea”.
Denera 200 aparkaleku berri baino gehiago lirateke dagoeneko martxan jarri eta hilabete gutxiko epean martxan izango direnak.
