Su olinpikoa paellarekin itzali dute
Larunbatean egin zen 2026ko Lezoko Herri Olinpiaden azken jardunaldia. Paella txapelketa eta bazkaria egin zituzten.
Larunbateko proban izan zirenen talde argazkia. Larunbatean egin zen 2026ko Lezoko Herri Olinpiaden azken jardunaldia. Aurten berreskuratu egin dituzte herri giroa, euskaratik eta kuadrillen arteko elkar ezagutzatik lantzeko olinpiadak, eta lau jardunalditan ekin diote bide horri. Paella txapelketarekin itzali zuten Lezoko su olinpikoa.
Goizetik hasi ziren taldeak, Karlos Saldise plazan, euren egiteko gastronomikoarekin. Komite Olinpikoak emandakoen, eta taldeek ekarritakoen artean 8 bat pertsonarentzako paella egin behar zuten lagunarte bakoitzak. Batzuk azkarrago, besteak patxadatsuago, baina egin zituzten paella horiek. Hori bai, azken uneko ukituak ondo gordeak zituen talde bakoitzak, sekretupeko errezeta eta guzti. Ondo moldatu ziren denak arroz, salda eta osagaien artean.
Herri Olinpiaden barruko azken proba izanik, sailkapena izan zen. Hala, epaileek erabaki zuten paellarik onena 2 Kaña taldearena izan zela, bigarren postuan Bidea Gara sailkatu zen, eta hirugarren tokia Errefusako kideentzat izan zen. Haien ondoren Al-dekhflipau, Pronponpon eta Beatzi Gau taldeek osatu zuten larunbateko sailkapena. Sona handiko epaimahaiak erabaki zuen sailkapen hori: Mikel Arruti alkatea, Bea Altzate elkartekoa, Axier Tiñelukoa eta Tito Ixkulinekoa izan ziren dastaketa eta puntuazio lanetan.
Gauzak horrela, honakoa izan da Lezoko 2026ko Herri Olinpiaden sailkapen nagusia:
- 1. Bidea Gara taldea, 310 puntu.
- 2. Al-dekhflipau taldea, 290 puntu.
- 3. 2 Kaña taldea, 270 puntu.
- 4. Errefusa taldea, 230 puntu.
- 5. Beatzi Gau taldea, 170 puntu.
- 6. Lez Go! taldea, 150 puntu.
- 7. Pronponpon taldea, 140 puntu.
- 8. Perretxikuak taldea, 100 puntu.
- 9. Sugarrak taldea, 40 puntu.
- 10. Kosto de Marfil taldea, 0 puntu.
Esker mezua bidali die Komite Olinpikoak olinpiadetan parte hartu duten taldeei. “Eskerrik asko orain arte olinpiadetan parte hartu duzuenoi, eta baita olinpiadak jarraitzen ibili zaretenoi ere! Eta mila esker ere proban epaile izatea onartu zuten Iras, Bea, Tuto eta Mikel Arrutiri! Gehiagorako gogoekin geratu bazarete, edo parte hartzeko gogoekin geratu bazarete, lasai, aurrerago berriz ikusiko dugu elkar eta! Hurrengora arte, eta mila esker!”.
Segidan, larunbateko hainbat argazki:
