Madrilen eta Plentzian, Hibaikakoak egoki
Buitrago de Lozoyan (Madrilen) seigarren sailkatu ziren Hibaikako Senior Emakumeak Euskotren Ligako lehen jardunaldian; Senior Gizonak hamargarren egin dute Plentzian jokatutako KAE1 Ligako hirugarren jardunaldian.
Hibaikako arraunlari seniorrak Hibaikako bi ontziak lanak egoki eginda bukatu dute asteburua. Emakumeen ontziak atzo izan zuen Euskotren Ligako lehen jardunaldia Buitrago de Lozoyan (Madrilen). Seigarren postua egin zuten Hibaikakoek Zumaia eta Donostiarraren aurretik. Estropada bukatuta, pozik azaldu zen Iñaki Mendizabal prestatzailea emaitzarekin, “beste ontziekin batera ibili gara, oso segundo gutxitan, eta oso kontent gaude. Badakigu lehia handia izango dela, luze joko du udak”.
Bide beretik mintzatu zen Inge Ugarte patroia. Taldeak sentsazio onak izan zituela estropadan zehar adierazi zuen Ugartek. Kexu Madalen ontzikoa, estatxarekin arazoa izan zutelako, ” ez gara batere gustura gelditu eta ez gaude ados baldintza horietan arraun egitearekin. Oro har gustura gelditu gara egindakoarekin, ikusiko dugu datozen estropadetan zer gertatzen den”.
Hurrengo estropadak Bilbon, larunbatean 17:20an, eta Zierbenan igandean 11:20ean. (Emaitzak hemen)
Gizonak, Plentzian
Gizonen ontzia Plentzian lehiatu zen larunbatean eta orain arteko bideari eutsi zion; Dani Cobjuckek gidatzen duen taldeak hamargarren postua egin zuen. Arkote eta Orio atzean utzi zituen alde handia aterata ontzi horiei. Bederatzigarren sailkatua izan zen Lapurditik segundora sailkatu ziren errenteriarrak.
KAE1 Ligan mantentzea dute helburu honako denboraldian Hibaikako Senior Gizonek, eta ondo ari dira lanean eurentzat berria eta exijentea den liga batean. Hala ere, koska bat gora egin beharko dute mantentze hori erosoa izatea nahi badute, play offa saihesteko—ligako azken sailkatua automatikoki jaisten da, eta hamaikagarrenak eta hamargarrenak play offa jokatzen dute KAE2 Ligako bigarren eta hirugarren sailkatuen kontra—; koska gora egiteko gai direla erakutsi dute aurre denboraldiko estropadetan zein liga hasi denetik.
Hurrengo asteburuan emakumeek bezala, Hibaikako senior gizonek ere bi hitzordu. Larunbatean Donibane Lohitzunen dute hitzordua 17:00etan hasita; igandean, berriz, Zarautzen, 11:30ean. (Emaitzak hemen)
