Kaleko igogailu berriak, martxa onean
Pontika eta Beraungo Luis Mariano plaza nahiz Igantzi batuko dituzten igogailuen lanak bisitatu dituzte udal ordezkariek.
Eneko del Amo Hirigintza zinegotzia eta Aizpea Otaegi alkatea, obretara egindako bisitan. Pontika, eta Beraungo Luis Mariano plaza nahiz Igantzi lotuko dituzten igogailuen lanak martxa onean doaz. Hala egiaztatu dute Aizpea Otaegi alkateak eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak hara egindako bisitan. Azaldu dute lan horien lehen fasea bukatzear dela, zehazki, Pontika eta Luis Mariano plaza elkartuko dituen igogailua egitearena. Horri erantsita, hara iristeko oinezkoentzako ibilbide irisgarria sortzea da asmoa, Galtzarabordako Euskotrenen geltokirako eta Pontika auzotik Udal Euskaltegirako irisgarritasuna erraztuz. Lehen fase honetan, aldi berean, etorkizuneko bigarren igogailura sartzeko plataforma, euste-hormak eta egituraren zimenduak ere eraikitzen ari dira. Irailean izango da erabilgarri lehen igogailu hori; 2025aren bukaeran hasi ziren lanak.
Lehen faseko lan horien kostua 1,18 milioi eurokoa da; bigarrenarena mardulagoa da, 1,58 milioi eurokoa. Hala, inbertsio hori Errenteriako Udaleko Irisgarritasun Planean jasota dagoela adierazi du udal erakundeak, eta 2023-2027 Agintaldi Planaren araberakoa dagoela. Udalak nabarmendu du irisgarritasuna bermatzeko obra horiek auzotarrekin adostuak izan direla, 2024ko uztailean egin zen ezohiko auzo batzarrean azaldu zituelarik udal erakundeak bertarako zituen alternatibak.
Topaketa hartan interes gehien eragin zuen gaia Igantzi eta Pontika lotzeko aukerarena izan zen. “Bilera horretatik aurrera”, zehaztu du udalak, “behar desberdinak bateratuko zituen eta ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua emango zien irtenbide bateratu eta integrala lantzeko konpromisoa hartu zen, afekzioak minimizatuz eta igogailu berriak ingurunean integratuz”.
