Instalazio berria eraikitzen ari da Kunkana
Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitatea Gaintxurizketako Torreatze pabiloian eraikitzen ari da bigarren instalazioa.
Torreatzeko instalazioaren irudia.Kunkana Kunkana Lezoko Energia Berriztagarrien Komunitatea urrats bat gehiago egin du. Pasaia-Lezo Lizeoko instalazio fotovoltaikoari, beste bat gehituko dio: Gaintxurizketako landa eremuan den Torreatze izeneko pabiloian instalazio berria egiten ari dira. Horrek esan nahi du, komunitateko bazkide direnek eta bazkide izan nahi dutenei leihoa zabaldu zaiela instalazio berri horren onuradun izateko: uztailaren 6an zabalduko du eragileak bertan sortuko den energiaz baliatu nahi dutenentzako izen emate aroa, eskuragarri den parte hartze kopurua osatu arte. “Instalazio berriak herritarrak, merkatariak eta pabiloiaren jabeak izango ditu onuradun nagusi, eta, aldi berean, bertakoen autokontsumoa hornituko du. Gainera, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonentzako kuota bat ere erreserbatuko da” zehaztu du Kunkanak.
Hala, bazkide gehiagok izango dute autokontsumo kolektiboaren onurak eskuratzeko aukera. Kunkanak jakinarazi du Torreatzeko lanak hilaren 22an hasi zirela, eta uztailaren 3an bukatuko direla. Behin lanak eginda, instalazioak legez behar dituen baimenak eskuratzeko prozesua hasiko da; hori urte bukaerarako soluzionatuta izatea aurreikusi dute komunitateko kideek. 40 parte hartzaile gehiago ari dira bilatzen Torreatzek eskaini dezakeenaren jabe izateko. “Bilatzen dugun profila”, esan dute Kunkanakoek, “ez da soilik aurrezki ekonomikoa helburu duena; ingurunea zaintzeko, klima-aldaketaren aurrean erantzukizunez jokatzeko eta tokiko ekimen kolektiboetan parte hartzeko prest dagoena baizik”.
Izena ematen dutenek Kunkanaren aholkularitza izango dute. Hala, energia komunitatearen gaineko informazioa jasotzeaz gainera, zalantzak argitzeko eta behar guztien aurreko erantzunak jasoko dituzte, parte hartzea ahalik eta errazena izan dadin. “Kunkanaren indarguneetako bat, hain zuzen ere, herritarren arteko lankidetza da, eta boluntarioen taldeak gertuko arreta eskainiko die proiektura batzen diren bazkide berriei”.
Kunkanaren asmoa da urte bukaerarako 100 bazkidera iristea. Kooperatiba denez, horren egonkortasuna bermatu nahi du aldi berean, baina hazkunde jasangarri bidez. Hala, leiho berri horren informazio gehiago nahi dutenek, edo bazkide izan nahi dutenek, Kunkanaren webgunera sartu eta han dituzte beharrezko baliabide guztiak.

Torreatzeko pabiloia Gaintxurizketan dago. Argazkia: Kunkana.
