Gazte disko festa, madalenetan protagonista
Ekintza berritzailea hilaren 24an 20:00etan egingo dute. Gazteak egun horretan entzun nahi dituzten abestiak aukeratzera deitu dituzte parte hartze prozesu bidez.
Holi txupinazoa Gernika plazan artxiboko irudi batean. Madalenen barruan ekintza berria izango dute gazteek aurten, beraiek erabakita: Gazte Disko Festa. Hilaren 24an izango da Gernika plazan, 20:00etan hasita. Gazteek eurek erabakitako abestiak izango dira protagonistak, horiekin osatuko baitute entzun eta dantzatuko duten playlista. Horrekin batera, hainbat gaztek, DJ esperientzia bizitzeko aukera ere izango dute udalak jakinarazi duenez.
Kantak aukeratzeko parte hartze prozesua abiatu du udalak eta hilaren 12ra arte egin ahalko dituzte proposamenak gazteek, Herri Biziaren Instagram kontuaren bidez, edota Lekuona Fabrika zein Aldakoenean jarriko dituzten urnen bidez. Proposamenak egiteko epea bukatuta, jasotako abestiekin zerrenda prestatuko du udalak, eta aukeratutako abestia jartzeko interesa duten parte hartzaileen artean zozketa egingo du. Udala bera jarriko da harremanetan irabazleekin parte hartu duten bide beretik, hau da, Instagram bidez, edota urnetako txarteltxoetan adierazitako telefono zenbakira deituta.
