Kresala San Fermin elizan
Trebera taldeak 'Ziaboga' ikuskizuna eman zien antxotarrei atzo San Fermin elizan, festen atariko bezala.
Goraino bete zen atzo Antxoko San Fermin eliza Trebera taldearen Ziaboga ikuskizunaren bertsio musikatua bizitzeko gogoz ziren antxotarrekin. Emanaldi horren bertsio musikala izan zen atzo lagunarteak jendartera zabaldu zuena; urte bukaeran, Donibaneko Juanba Berasategi aretoan, antzerkia eta abestiak uztartuko dituen obra osoagoa estreinatuko dute. Hilabete askoko lanaren emaitza izaten ari da Ziaboga. San Fermin festen (bihar, hilak 3, hasiko dira) atariko antzekoa izan zen atzoko emanaldia. Kresala usaina izan zen atzo barrutiko parrokian.
Hasteko eta behin, taldekideek elizara hurbildu ziren den-denei harrera egin zieten. Jada tenpluko egurrezko eserleku luzeak bete zirenean, atzetik aurrerakoa egin zuten abeslariek, ataritik aldare nagusiranzko bidea hartu zuten jada kantuan. Itsasoko euskal abesti ezagunekin hasi zuten emanaldia Antxoko eta inguruko herrietako kidez osatutako taldeko abeslari amateurrek, eta ondoren ozeanoetako bizipenen berri ematen duten abesti sorta zabalari ekin zioten, barkarola, habanera, zarzuela kanta eta beste musika erritmoekin. Kantu denak ezagunak ziren. Publikoak gozo abestu zituen.
Ia ordubeteko emanaldia izan zen. Adi-adi jarraitu zuten antxotarrek Treberakoen Ziaboga-ren olatuek emandako dena. Gustura atera ziren denak barrutiko erdiguneko eraikinetik. San Fermin giroa ederki asko berotu zen atzokoan.
Jarraian, emanaldiaren hainbat irudi eta bideoa.
