Lagunartean bapo bazkalduta parrandan segituko dute
Eguraldia lagun, bazkariak izan dira gaurko protagonistak. Biteri plazan jarritako karpan bildu dira herri bazkarira, eta frontoira, berriz, Mamadou eta Xaxordakoak 25. urteurrena ospatzeko elkarrekin.
Giro bikaina izan dute gaur sanferminen barruan egindako bi bazkaritan. Festak hasi berriak dira, 24 ordu ez dira pasa oraindik txupina jaurti zutenetik, baina arazorik gabe, erraz egokitu dira antxotarrak jai girora. Ederki gozatzen ari dira. Eguraldia lagun, bazkariak izan dira gaurko protagonistak. Biteri plazan jarritako karpan bildu dira herri bazkarira hirurogei bat lagun; egia esan itxuroso oso azaldu dira parranda gehiegi egin ez dutelako akaso, edota bestela, ongi disimulatzen asmatu dutelako.
Bigarren bazkaria Mamabum & Xaxorda lagunarteena. Bakarka egin izan dute bidea jaietan, baina biek mende laurdena bete dute aurten eta urteurren biribila behar moduan ospatzeko elkartzea erabaki dute. Horiek frontoian egin dute juntadizoa. Aurretik baina, poteo musikatua egin dute baita kaleak ederki girotu Kita del Pare txarangak lagunduta. Xaxorda eta Mamabum ziren elkartzekoak frontoian, baina polizoiren bat izan dute tartean—Talaurden lagunartea—; azken horrek ere frontoian bazkaldu du.
Bazkari batean zein bestean, giro aparta eta festa gogoa erruz. Beroari aurre egiteko armategia ere ondu dute, gaztetxoenek batez ere, uretako pistolarekin bat edo beste dutxatzeko.
Bazkaria bukatuta, berriz, arratsalde eta gaua gozatzeko aukerak, mordoa. Danborrada, bertso saioa, DJak, kontzertua… Egitarau osoa behean kontsulta daiteke, argazki galeriaren azpian. Gaur ekitaldi mordoa, eta beste hainbeste hilaren 8ra arte, orduan bukatuko dira-eta Sanferminak.
Ondoko argazkiak HITZAk gaurko bi bazkarietan egindakoak dira.
Gaur (hilak 4, larunbata)
- 17:00: Tardeoa Axularren: DJ Colino eta DJ Bertoko.
- 17:00-19:00: Julian Mate II. Memoriala Haurrentzako arrantza txapelketa, 0 eta 16 urte bitartekoentzat, Galepertarrak elkarteak antolatuta.
- 17:30: Txirin kantinan, Naiz Presidente taldearen kontzertua.
- 18:30: Bertsolariak Mimos tabernan: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena eta Alaia Martin.
- 19:00: Basari elkartearen danborradako luntxa elkartearen parean.
- 20:30: Basari elkartearen danborradaren irteera Usozko zelaigunetik.
- 20:30: Biziraun taldearekin erromeria Gure Zumardiko oholtza nagusian.
- 23:00: DJ Iker Rodriguez Mimos tabernan.
- 23:00: Balaklaba, Gato Lopez (Ska-P taldeari tributua) eta Kumbialari Papinen. Ondoren, DJ Kaiola Papinen.
Bihar (hilak 5, igandea)
- 06:30: Diana.
- 10:00: Gros Xake Taldearen laguntzarekin, xake txapelketa adin tarte guztientzat jubilatuen egoitzan, udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak babestuta.
- 11:00: Erraldoien topaketaren hasiera. Lazkaoko, Orobiako, Herriberriko, Garesko eta Pasaiako erraldoiak izango dira.
- 12:00: Marmitako txapelketa. Ondoren, bazkari herrikoia eta mariatxia, Galepertarrak elkartearen eskutik elkartearen parean.
- 13:30: Bermuteka Mimos tabernan Moises Leal Castro cello jotzailearen Cello Experience ikuskizunarekin.
- 16:30: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 17:00: Antxoko II. Tortilla Txapelketa Axular plazan, Axular tabernaren eskutik.
- 17:30: Papin Cocktail Club koktel lehiaketa Papinen.
- 18:00: Haurrentzat Euskaraokea Topagunean Txinpartaren eskutik.
- 18:00: Musika ekitaldia Txirin kantinaren aurrealdean.
- 18:00: Batxata tailerra Javirekin Papinen.
- 18:30: Arratsalde pasa mojitoekin, Mimos tabernan.
- 19:30: Kitadelpare txaranga Papinen.
- 20:30: Techno gaua Papinen. DJak: Charles Ramirez, Khris Rios, Stan Garac, Lasa, Salas, Pattor eta Mikelo.
- 22:00: Pixa eta Sedientos de Cumbia Topagunean.
- 23:30: DJ Nemux Mimos tabernan.
- 23:30: DJ Esm Laket tabernan.
Etzi (hilak 6, astelehena)
- 11:00-13:00: Karabina txapelketa haur eta helduentzat Biteri plazan, Galepertarrak elkarteak antolatuta.
- 12:00: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 15:00: Gazte Bazkaria Topagunearen karpan.
- 17:00: Zumba herrikoia Zumbonak-ekin Gure Zumardian.
- 18:00: Txita herrikoia Topaguneak antolatuta.
- 18:30: Køntrabänd taldea Azokako plazan. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako rock, hard rock eta heavy metal bertsioen taldea.
- 20:00: Itzal taldearekin erromeria Topagunean.
- 20:30: Salbea San Fermin elizan.
- 22:00: Rap kontzertua Papinen. Parte hartzaileak: ELC310, Gonza, Rafanorte, DR34M, BLZ eta Gari DDiaz.
- 22:00: Bang Royale taldearen kontzertua Azokako plazan.
- 23:30: Svetlana Gure Zumardiko oholtza nagusian.
- 01:00: Etxeko DJak Papinen.
- 01:30: DJ Guate-K Topagunean.
- 01:30: DJ Nemux Mimos tabernan.
