Hasi dira 124 orduko sanferminak
Atzoko txupinazoarekin ekin diote antxotarrek sei egun eta bost gaueko festa aroari. Ia 100 ekitaldi daude jaien egitarauaren barruan.
Festan dena emateko prest dira antxotarrak.Ximun Leturia Lete Atzoko (hilak 3, ostirala) 20:00etan hasi ziren ofizialki 2026ko Antxoko San Fermin Festak. Txupina San Fermin elizaren kanpandorreraino igo zuten herriko eskalatzaileek, eta han Borja Bujandak eman zion su suziriari. Eztanda egin, eta anabasa Gure Zumardia plazan berrituan: antxotarrak saltoka, elkar besarkatzen, oihuka, pozik. Zapi gorriak denek lepoan. Hasi dira, dataren araberako ordena kontuan hartzen bada, Pasaiako hirugarren festak (ondoren Trintxerpeko karmenak eta Donibaneko santioak iritsiko dira). Atzoko 20:00etatik hilaren 8ko 00:00ak arte izango da indarrean festa aroa Antxon, 124 ordu gozatzeko. Sei egun eta bost gau, ia 100 ekitaldirekin.
19:30eko festen aurkezpen ekitaldiaren aurretik, baita aurreko egunetan ere, izan dira Jai Batzordeak antolatutako ekitaldiak. Baina atzokoekin ofizialtasun osoz eman zieten soka sanferminei. Tartean izan zen haurren gustagarri izan zen Topaguneak antolatutako Moliñomariren etorrera.
Aurkezpen ekitaldian berritasun nabarmen bat: topoko geltoki berriaren lanen ondorioz azken hilabeteetan hankaz gora izan den Gure Zumardia plaza berrituak jaso zituen ekitaldi horretara arropa zuri-gorriarekin bertaratu ziren ehunka antxotarrak. Ekitaldi horretan aitortza egin zioten Pasaia-Lezo Lizeoari, aurten 50. urteurreneko ospakizunetan murgilduta dagoelako; aldi berean, La Anunciata ikastetxeko kideek ere izan zuten ahotsa Zumardiko oholtza nagusian, aurten hura ixtera behartu dutelako Antxoko eragile hamarkada luzez izan ondoren.
Protagonistak. Sanferminek izen-abizen bereziak dituzte. Horiek ere aurkeztu zituzten ekitaldian: Ane Elizburu Vidal festetako kartelaren egileak Laurak Bat elkartearen eskutik jaso zuen saria eta aitortza; Ane Agirrebaraikoa Izagirre eta Izar Amorebieta Fernandez haurren danborradako kantinerak, Asun Gil Calvo Antxoko danborradako kantinera; Eider Garcia Suarez eta Adur Gil Del Pozo Basari elkartearen danborradako ordezkariak; eta Ines Lorenzo Garrido eta Rufino Fernandez Iñigo Zaharren Tokiko ordezkariak. Haiek guztiek bere tartea izan zuten aurkezpenean. Mikel Garcia Peñil barrutiko alkateordeak ere izan zuen zer esan: jaiak goza ditzatela esan zien antxotarrei, baina beti errespetuz eta elkar zainduz. Horiek guztiak aurkeztuta, 20:00etan bota zuten txupina Borja eta Jon Bujandak. Martxan dira sanferminak!
Jarraian, Ximun Leturia Letek txupinazoan ateratako irudi sorta eta bideoa. Beherago, asteburuko eta asteleheneko egitaraua:
Antxoko San Fermin Jaiak 2026. Datozen egunetako egitaraua.
Gaur (hilak 4, larunbata)
- 06:30: Diana.
- 10:00-12:00: Plater tiraketa lokala Hondarribiko tiro zelaian, Galepertarrak elkarteak antolatuta.
- 11:00: Zirkuolaren tailerra Azoka plazan.
- 12:00: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 13:00: Xaxorda & Mamabum: 25 urte elkarrekin jaietan gozatzen! Bermuta eta txaranga Ibaiondotik abiatuta.
- 13:00: Nafarroako jotak Gure Zumardiko oholtza nagusian Voces Riberas taldearekin.
- 14:30: Bazkari herrikoia Biteriko karpan.
- 15:00: Xaxorda & Mamabum. Ospakizun bazkaria.
- 17:00: Antxoko danborrada Berrara igoko da.
- 17:00: Tardeoa Axularren: DJ Colino eta DJ Bertoko.
- 17:00-19:00: Julian Mate II. Memoriala Haurrentzako arrantza txapelketa, 0 eta 16 urte bitartekoentzat, Galepertarrak elkarteak antolatuta.
- 17:30: Txirin kantinan, Naiz Presidente taldearen kontzertua.
- 18:30: Bertsolariak Mimos tabernan: Amets Arzallus, Andoni Egaña, Maddi Ane Txoperena eta Alaia Martin.
- 19:00: Basari elkartearen danborradako luntxa elkartearen parean.
- 20:30: Basari elkartearen danborradaren irteera Usozko zelaigunetik.
- 20:30: Biziraun taldearekin erromeria Gure Zumardiko oholtza nagusian.
- 23:00: DJ Iker Rodriguez Mimos tabernan.
- 23:00: Balaklaba, Gato Lopez (Ska-P taldeari tributua) eta Kumbialari Papinen. Ondoren, DJ Kaiola Papinen.
Bihar (hilak 5, igandea)
- 06:30: Diana.
- 10:00: Gros Xake Taldearen laguntzarekin, xake txapelketa adin tarte guztientzat jubilatuen egoitzan, udaleko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Sailak babestuta.
- 11:00: Erraldoien topaketaren hasiera. Lazkaoko, Orobiako, Herriberriko, Garesko eta Pasaiako erraldoiak izango dira.
- 12:00: Marmitako txapelketa. Ondoren, bazkari herrikoia eta mariatxia, Galepertarrak elkartearen eskutik elkartearen parean.
- 13:30: Bermuteka Mimos tabernan Moises Leal Castro cello jotzailearen Cello Experience ikuskizunarekin.
- 16:30: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 17:00: Antxoko II. Tortilla Txapelketa Axular plazan, Axular tabernaren eskutik.
- 17:30: Papin Cocktail Club koktel lehiaketa Papinen.
- 18:00: Haurrentzat Euskaraokea Topagunean Txinpartaren eskutik.
- 18:00: Musika ekitaldia Txirin kantinaren aurrealdean.
- 18:00: Batxata tailerra Javirekin Papinen.
- 18:30: Arratsalde pasa mojitoekin, Mimos tabernan.
- 19:30: Kitadelpare txaranga Papinen.
- 20:30: Techno gaua Papinen. DJak: Charles Ramirez, Khris Rios, Stan Garac, Lasa, Salas, Pattor eta Mikelo.
- 22:00: Pixa eta Sedientos de Cumbia Topagunean.
- 23:30: DJ Nemux Mimos tabernan.
- 23:30: DJ Esm Laket tabernan.
Etzi (hilak 6, astelehena)
- 11:00-13:00: Karabina txapelketa haur eta helduentzat Biteri plazan, Galepertarrak elkarteak antolatuta.
- 12:00: Erraldoiak eta buruhandiak kaleetan barrena.
- 15:00: Gazte Bazkaria Topagunearen karpan.
- 17:00: Zumba herrikoia Zumbonak-ekin Gure Zumardian.
- 18:00: Txita herrikoia Topaguneak antolatuta.
- 18:30: Køntrabänd taldea Azokako plazan. 1980ko eta 1990eko hamarkadetako rock, hard rock eta heavy metal bertsioen taldea.
- 20:00: Itzal taldearekin erromeria Topagunean.
- 20:30: Salbea San Fermin elizan.
- 22:00: Rap kontzertua Papinen. Parte hartzaileak: ELC310, Gonza, Rafanorte, DR34M, BLZ eta Gari DDiaz.
- 22:00: Bang Royale taldearen kontzertua Azokako plazan.
- 23:30: Svetlana Gure Zumardiko oholtza nagusian.
- 01:00: Etxeko DJak Papinen.
- 01:30: DJ Guate-K Topagunean.
- 01:30: DJ Nemux Mimos tabernan.
