Sasoiko azken elkarretaratzea egingo du Duintasunak
Ohi bezala, 11:00etan egin dute hitzordua Herriko Plazan. Bertara deitu dituzte kalitatezko pentsio sistema publikoaren alde diren herritarrak.
Duintasunaren manifestazioa, apirilekoa. Merezitako oporraldia hartuko dute urriaz geroztik hileko lehen astelehenero kalean izan ostean pentsiodunek. Duintasunak oporren aurreko azken elkarretaratzea egingo du astelehenean, eta bertara deitu dituzte kalitatezko pentsio sistema publiko duina helburu duten herritar denak.
Orain arte bezala, 11:00etan elkartuko dira Herriko Plazan eta bertan izango dira batzarrean pentsio sistemarekin, osasungintza publikoarekin, edota zaintzarekin lotuta dauden azken berriak ematen. Pentsioena herritar orori eragiten dion auzia da, ez soilik pentsiodunei. Astelehenekoa eginda, udako oporraldia egingo du Duintasuna elkarteak eta urrian itzuliko dira ikasturte berriarekin, hileko lehen asteleheneroko mobilizazioak.
