Albaola, euskal itsas kulturaren enbaxadore
Gaurtik eta hilaren 13ra bitartean, Atlantic Challenge International lehiaketa jokatuko da Danimarkan. Bertan 17 laguneko eskifaia bat izango da, Euskal Herria ordezkatzen.
Euskal Herriko 17 kide Roskilden (Danimarka) lehiatuko den Atlantic Challenge International lehiaketan arituko dira. Partaideak 15 eta 25 urte artekoak dira, eta Euskal Herria ordezkatuko dute munduko ontzigintza tradizionaleko nazioarteko topaketa garrantzitsuenetako batean. Euskal eskifaia gaurtik eta hilaren 13ra bitartean izango da lehian, Lafayette Bantry Yola ontzian. Danimarkan itsas tradizio sendoa duten hainbat herrialde arituko dira Euskal Herriarekin batera, besteak beste, Belgika, Kanada, Danimarka, Frantzia, Britainia Handia, Irlanda, Ipar Irlanda, Italia eta Estatu Batuak.
Taldearen buruak Ane Miren Miralles eta Eider Arruti izango dira, eta haiek arduratuko dira eskifaia gidatzeaz. Danimarkan dagoen espedizioa Albaolak “euskal gizartearen itsas izaera nortasunaren funtsezko osagai gisa berreskuratzeko egiten duen lanaren parte” dela adierazi du eragile pasaitarrak, eta belaunaldi berriei itsas kultura zuzeneko esperientziaren bidez hurbiltzea du helburu.
Miralles Albaolako kidea da elkartearen sorreratik, eta ibilbide luzea du itsas ondarearen berreskurapenean eta transmisioan. Aurrez lehiatu da Atlantic Challenge International lehiaketan eta nabigazio tradizionaleko beste espedizio batzuetan. Albaolak baietsi du esperientzia gehien duen taldekideetako bat dela.
Arruti Albaolako kidea, arraunlari lehiakorra eta Orio Arraun Elkarteko entrenatzaile ohia da. “Itsas kulturaren kontserbazioarekin eta zabalkundearekin konprometitutako nabigatzaile eta profesional hau” belaunaldi berrien ordezkaria dela zehaztu du Albaolak, “tripulazioari kirolaren nahiz nabigazio tradizionalaren alorretan esperientzia sendoa eskainiz”.
Aurtengo edizioak, gainera, Euskal Herriarentzat esanahi berezia izango duela jakinarazi du Albaolak, euskal talde propioa berreskuratuko baitu. Aurreko urteetan euskal ordezkaritza bat egon bada ere, aurten Euskal Herriak bere talde propioa izango du.
Albaolarekin partekatutako misioa
Atlantic Challengeko euskal taldearen parte hartzea Albaolak ia hiru hamarkadaz garatu duen eta jarraitzen duen misioaren parte dela adierazi du eragile pasaitarrak: “Itsastartasuna gure gizartearen nortasunaren funtsezko osagai gisa berreskuratzen laguntzea”.
Mendeetan zehar, itsasoa Euskal Herriko “garapen ekonomiko, teknologiko eta kulturalen eragile nagusietako bat” izan zela zehaztu du Albaolak. Denborarekin, ordea, itsasoaren lotura hori “ahuldu” egin zela baietsi du Albaolak, “gizartea bere historiaren eta nortasunaren funtsezko zati batetik urrunduz”.
Atlantic Challenge bezalako egitasmoen bidez, Albaolak itsasoa belaunaldi berriei hurbildu nahi die. Nabigazio tradizionaleko teknikak ikasteaz gain, Albaolaren asmoa da “gazteen artean itsas ondarearekiko interesa piztea, haien parte hartzea sustatzea eta itsas kultura gaur egun ere bizirik dagoen errealitatea dela erakustea”. Horrez gain, itsastartasuna indartu eta etorkizunera transmititu nahi du eragile pasaitarrak.
Kirol emaitzetatik harago, Lafayette ontziko eskifaia euskal itsas kulturaren enbaxadore izango dela zehaztu du Albaolak, “nazioarteko testuinguruan gure ondarea, tradizioak eta itsasoarekin dugun lotura historikoa ezagutaraziz”. Lafayette, gainera, XVIII. mendeko Frantziako yola baten erreplika da, 2015ean Albaolan eraiki zena.
