Pentsiodunen aldeko borroka abiatu zutenei aitortza
Aitortza egin diete duela hamalau urte Errenteria-Oreretako Pentsiodunen Mugimendua abiatu zuten pentsiodunei, bide horrek izen abizenak dituela esanda.
Duintasunak zortzi pentsiodun omendu ditu, pentsiodunen mugimendua abiatu zutenak. Gaur bukatu du ikasturtea Duintasunak, berezia izan da. Izan ere, Manolo Folgueira Iglesia, Lazaro Mitxelena Huizi, Edorta Zapirain Perez, Alfredo Rodriguez San Juan, Joxe Iriarte Bikila, Javier Vergara, Timoteo Zarate Bargo, eta Joxe Mari Uria Azkarate, omendu ditu gaur Duintasuna pentsiodunen elkarteak. Aitortza egin diete duela hamalau urte Errenteria-Oreretako Pentsiodunen Mugimendua abiatu zuten pentsiodunei, bide horrek izen abizenak dituela esanda, “laurogei urtetik gorakoak dira, gurekin konpromisoa mantentzen dute, borrokan jarraitzen dute eta txikia bada ere, aitortza egin nahi diegu, pentsiodunen, zaintza unibertsal eta publikoaren eta osasun publikoarekin duten konpromisoarengatik eta egiten duten borrokarengatik. Denoi mila esker, eta pentsiodunak aurrera”.
Duintasunaren zapia lepoan jarri, bertsoak eskaini, eta aurreskua ere dantzatu diete, azkenik familia argazkia egiteko Herriko Plazan bertan.
Aurtengoa bukatu bai, baina datorren urteko erronka garrantzitsuak lehen lerroan jarrita egin dute azken saioa: “Pentsio publikoen sistema ezartzeko lanean segituko dugu oraindik finkatu gabe baitago, eta aldarrikatzen jarraituko dugu gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatarekin parekatzeko”. Datorren ikasturtea langileentzat zein pentsiodunen mugimenduarentzat zaila izango dela ere esan dute, “PP eta Vox alderdien garaipen posible baten mehatxua dugu, horrek gure pentsioentzat dakarren arriskuagatik, baita zainketa eta osasungintza publikoan atzera egiteko arriskuagatik ere”.
EAJ eta PSE-EEri begira ere jarri dira pentsiodunak, “gehiengo osa erabiltzen jarraituko dute gure aldarrikapenen kontra, zaintza, pentsioa eta osasungintzan”. Gauzak horrela, borrokan jarraitzeko tresnak eskura dituztela gogorarazi du Duintasunak, “mugimendu askorentzat erreferentziazkoak gara, lortu dugun kapital sozialaren hainbat iniziatiba inplementatzeko gaitasuna dugulako. Pentsiodunen mugimendua kalean izango da borrokan, eta hor dago gure hurrengo urteetako konpromisoa”.
Mugimendu errespetatua eta miresgarria dela Duintasuna ere esan dute, “borroka eginez lortu dugun prestigio hori baliatu behar dugu”.
Ondoko bideoa Liher Saiz Zaraterena da.
