Hiri barruko autobusetan gaueko tarifa ezabatzea proposatu du PSE-EEk
Lurraldebusen gaueko zerbitzuaren tarifa eguneko zerbitzuarekin parekatu du Gipuzkoako Foru aldundiak aste honetan; neurri hori herri barruko garraioari ezartzea proposatu du alderdi sozialistak.
Urbanoa-Errenteria Lurraldebus zerbitzuaren gaueko tarifa ezabatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak aste honetan. Hori horrela, eguneko tarifa bera izango du gaueko zerbitzuak ere aurrerantzean Mugi txartelaren erabiltzaileentzat. Neurria “positiboa” dela esan du Errenteriako alderdi sozialistak, “erabakiak aurrera pausu handia suposatzen duelako garraio publikoa irisgarriagoa, justuagoa eta seguruagoa egiteko, batez ere gaueko txandan lan egiten dutenentzat, gazteentzat, eta oro har aisialdirako edota kultur eta jai jardueretara jotzen duten pertsona guztientzat”.
Neurri hori bera, hiri barruko garraio publikora eramateko eskatu dio orain alderdi sozialistak Errenteriako Udalari, “gauez bidaiatzeagatik ordaindutako gainkostua ezabatzea, alegia”. Gainera, gaueko zerbitzua hobetzeko “une egokia” dela sinistuta azaldu da, “gaueko zerbitzua ostiraletara zabaltzea proposatzen dugu eta ordutegiak indartzea herritarren beharretara doitzeko”.
Errenteria-Oreretak herri barruko gaueko zerbitzua du G-1 eta G-2 lineekin: “Herritarrek etxera itzultzeko autobusa erabiltzea nahi badugu, prezioak ezin du oztopo izan, ezta ordutegi eskasia ere. Aldundiak egin du urratsa Lurraldebusekin, eta Errenteriak gauza bera egin behar duela uste dugu: gainkostua ezabatu, eta zerbitzua hobetu ostiraletan eskainiz eta ordutegiak zabalduz”.
Neurri horiek garraio publikoaren erabilera sustatuko luketela dio alderdi sozialistak, “hain justu ibilgailu pribatuari alternatiba segurua eskaintzea garrantzitsuagoa den ordu tarteetan, langileen, gazteen eta behar duten herritarren desplazamendua erraztuta”.
