Hiri Mugikortasun Iraunkorraren Planari hasierako onespena
Errenteriako Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onespena eman dio Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planari (HMIP), datozen urteetan udalerriko mugikortasun politiken jarduera ildoak zehaztuko dituen dokumentu estrategikoari.
Bidegorria Erdialdean.Herri Bizia Errenteriako Tokiko Gobernu Batzarrak hasierako onespena eman dio Hiri Mugikortasun Iraunkorreko Planari (HMIP), datozen urteetan udalerriko mugikortasun politiken jarduera ildoak zehaztuko dituen dokumentu estrategikoari. Atzo izan zen hori eta hasierako onespenarekin planaren administrazio izapidetzea abiatuko da orain. Dokumentua hilabetez jendaurrean egongo da, herritarrek, erakundeek eta interesa duten eragileek ekarpenak eta iradokizunak aurkezteko aukera izan dezaten, behin betiko onartu aurretik.
HMIPa udaleko mugikortasun politikak ikuspegi iraunkorrago, seguruago, irisgarriago eta osasungarriago batetik bideratzeko tresna izango dela azaldu du udalak, udalaz gaindiko mugikortasun estrategiekin bat etorrita. Dokumentua, udalerriaren egungo egoeraren diagnostikoan oinarritu dute, eta bost ardatz estrategikotan antolatutako 41 jarduketa proposatzen ditu. Jarduketa horietako batzuk dagoeneko martxan daude, eta planaren idazketarekin batera garatu dira.
Estrategia definitzeko, HMIParen diagnostiko fasean jasotako 69 ekarpenak hartu dira kontuan, baita Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO) prestatzeko prozesuan egindako iradokizunak eta mugikortasunaren arloko beste dokumentu estrategiko batzuk ere, hala nola, Bizikleta eta Oinezkoen Mugikortasun Plana, Errenteriako Irisgarritasun Plana eta Euskadiko Mugikortasun Iraunkorraren Plana.
HMIPari hasierako onespena emateak beste urrats bat egitea dakarrela azken urteotan udala garatzen ari den mugikortasun estrategian azaldu du udalak . Izan ere, planean aurreikusitako jarduketetako batzuk dagoeneko martxan baitaude: “Horien artean, nabarmentzekoak dira Pontika eta Igantzi lotuko dituen igogailuaren obrak, une honetan lehen fasea exekutatzeko lanak oso aurreratuta daude; Nafarroa etorbideko bidegorria hobetzeko egiten ari diren lanak, laster amaituko direnak; edota, Parke kaleko bide-segurtasuna, irisgarritasuna eta oinezkoen konektibitatea hobetzeko laster hasiko diren lanak, proiektua zehaztuta baitago jada”.
