Benito Jauregizarrek, 100 urte
9 urterekin itsasoan hasi zen lanean eta marinela izan da bizitza osoan.
Benito Jauregizar Uriarte Errenteria-Oreretako bizilagunak 100 urte bete ditu gaur. 1926ko uztailaren 9an jaio zen, Bermeon. 9 urterekin itsasoan hasi zen lanean eta marinela izan da bizitza osoan. Yate batean ere lan egin zuen udan. Antonia Ursuarekin ezkondu zen eta bi seme izan zituzten, baina horietako bat oso gazte hil zen. Hiru biloba eta bost birbiloba ere baditu.
Familiak azaldu duenez, gaur egun gauza batzuk ahazten bazaizkio ere, gaztaroko oroitzapen bat du oso gogoan, 13 urte inguru zituenekoa. Behin buia bat zela uste zutena aurkitu omen zuten. Uztai bat jartzeko manipulatu zuten, eta, azkenean, mutil batek, sorbaldan jarri eta lekuz aldatu zuenean, leherketa eragin zuen, buia hori mina bat baitzen. Oroitzapen hori oso markatua geratu zaio, eta askotan kontatu die senideei.
Beti gustatu izan zaio pilota, eta Txikito de Bermeoren kontra jokatzera iritsi zen. Kirolaz gain, parrandaz ere asko gozatu du kuadrillarekin.
Gaur familian ospatuko dute eguna.
