Ekialdebuseko langile baten kontrako erasoa salatu du LABek
Ekialdebus-LABetik gaitzespen eta salaketa irmoena adierazi dute, eta jakinarazi ez dela "zoritxarrez" gertaera isolatua.
Ekialdebus zerbitzuko autobus gidari batek erasoa jasan duela salatu du Ekialdebuseko LABek. Gaitzespen eta salaketa irmoena adieraztearekin batera, babesa azaldu diote bere lanpostuan zegoela erasoa jaso duen lankideari, “langilea, mozkor egoera nabarmenean zegoen pertsona batek eraso du, lankidea bere eginkizunak betetzen ari zen bitartean”. Atzo (hilak 12, igandea) izan ziren gertakariak sindikatuak azaldu duenez, “erabiltzaile batek ero moduan kolpatu zuen autobusaren babes manpara eta Udaltzaingoak esku hartu behar izan zuen”. Erasoak izandako eraginarengatik, langilea zerbitzutik ordezkatu behar izan zuten.
Kezka eta nazka azaldu dute Ekialdeko LAB sindikatuko langileek, ez baita gertakari isolatua: “Zoritxarrez kezka eta nazka handiz ikusten ari gara garraio publikoko langileen aurkako irainak, mehatxuak eta eraso fisikoak gero eta ohikoagoak direla”.
Argi esan dute, plantillaren osasun fisiko eta psikologikoa negozia ezina dela, “herritarrei zerbitzua emateak ezin duela ekarri berekin erasoak jasateko arriskua”, eta eskaera zehatzak egin dizkiote horren harira, Ekialdebuseko zuzendaritzari: erasoa jasan duen lankideari arreta eta laguntza psikologikoa, medikua eta juridikoa emateko protokoloak berehala aktiba ditzala; autobusetan indarrean diren segurtasun neurriak premiaz berrikusi eta indartu ditzala; eta flotako irrati komunikazio sistemak berehala konpon ditzala. Azken horrekin lotuta, emisora askok azkenaldian ez dutela funtzionatzen salatu du Ekialdebus-LABek, “horrek, arriskuan jartzen du langileen eta kontrol zentroaren arteko komunikazioa larrialdi egoeretan”. Hori horrela komunikazio sistema guztiak une oro egoera ezin hobean egotea galdegin du, “larrialdien aurrean erantzun azkar eta eraginkorra bermatzeko ezinbesteko tresna delako”.
Gipuzkoako Foru aldundiko Mugikortasun departamentuari ere gin dio eskaera, Lurraldebus zerbitzu publikoaren arduradun izaeragatik. Ardura bere gain hartzea, “beste alde batera begiratzeari uztea eskatzen diogu. Garraio publikoa funtsezko zerbitzua da eta segurtasunari lehentasun osoa eman behar zaio”. Aldundiaren ardura dela segurtasun baldintza horiek betetzea esan du LABek, bai erabiltzaileentzat, baita langileentzat ere.
Plantilla benetan babestuko duten neurri guztiak martxan jartzea ere eskatu du sindikatuak,”prebentzio neurriak indartuta, segurtasun langileen presentzia handituta gatazkatsuenak diren lineetan, geralekuetan eta ordutegietan”. Neurri horiek gainera berehala indarrean jartzeko galdegin du, “tragedia bat gertatu aurretik”, eta erantzun irmorik gabe gelditzen den eraso bakoitza “porrot kolektiboa” den segurtasun betea azaldu du. Harago jo du, eta etorkizunean antzeko gertakariak izateko arriskua handitzen duela esan du.
Indarkeria ez normalizatzera deitu du bukatzeko, “garraio publikoko langile baten kontrako eraso oro, zerbitzu publiko osoaren kontrako erasoa da. Egunero milaka pertsonaren mugikortasuna bermatzen duten langileek segurtasunez, errespetuz eta duintasunez lan egiteko eskubidea dute”.
