Karmenak bukatzeko, izerdia Trintxerpen
Igandean Trikaia Atletismo Klubak antolatzen duen Karmengo Amaren herri lasterketaren bosgarren ekitaldia jokatuko da Trintxerpen, 09:20tik aurrera.
Jaiak ez dira soilik parranda egitea, eta hori argi dute Trintxerpen, hilaren 19an (igandea) indarra hartzen ari den Karmengo Amaren herri lasterketa egingo baita barrutiko kaleetan. Trintxerpeko Trikaia Atletismo Klubak antolatzen du proba, eta aurtengoa bosgarren ekitaldia izango da, jaietan errotzen ari denaren seinale.
Atletismoaren zaleek goiz oso batez gozatu ahal izango dute Trintxerpen. 09:20an handbike modalitatekoen parte hartzaileak irtengo dira Gudari plazako irteeratik. 09:30ean korrikalariak aterako dira, eta bi proba horiek bukatu ondoren, haurren lasterketa jokatuko da, 10:30etik aurrera. Helmuga Gernika plazan kokatuko dute, eta bertan jarriko dute barra solidarioa, lasterketa girotzeko. Sariak ere leku berean banatuko dituzte.
Karmengo Amaren herri lasterketa 5 kilometrokoa da. Zirkuitua erabat laua da, oso egingarria, eta Unai San Sebastian Trikaiako kide eta probaren antolatzaileak adierazi du edonork osa dezakeela ibilbidea. Gudari plazatik atera ondoren, Euskadi etorbidetik, Correosetik eta San Pedroko puntetatik pasako dira, Gernika plazan bukatzeko. San Pedron, gainera, Pasaiako badia ikusi ahal izango da, eta eremu hori nabarmendu du San Sebastianek, bistak ederrak baitira.
Urtetik urtera lasterketa indarra hartzen ari da, eta ohiko bihurtzen ari da karmenetan, ezinbestekoa. Lehen urtean 80 pertsonarekin egin zuten lasterketa, eta, aurten, 300 lasterkari inguru espero dituztela baietsi du Trikaiako kideak. Mota honetako proba bat prestatzea «nekagarria» dela aitortu du San Sebastianek, baina lasterketaren egunean sortzen den giroa ikusten duenean, esfortzu guztiak merezi duela onartu du. Gutxi gorabehera, 600 pertsona biltzen dira Trintxerpen lasterketaz gozatzeko.
Lasterketa bat baino gehiago
Karmengo Amarena lasterketa bat baino gehiago da, lehiatik harago doana. Izen emateak irekita daude, eta horiek Kirolprobak atarian egin behar dira, 12 euroan. Izen emateen euro bat Markelen Irria elkarteari emango diote. «Markel ezagutu genuenean bihotza lapurtu zigun. Markelek ematen dio zentzua lasterketari». Barra solidarioan bildutako diru guztia ere elkarteari ematen diote osotasunean, eta zozketak ere egiten dituzte.
Haurren lasterketaren izen emateak ere Kirolprobak-en egin behar dira, doan. Sustatzaileen helburua da haurrak gaztetatik kirolean murgiltzea. 2014 eta 2022 urteen artean jaiotakoak aritu daitezke, eta adinaren araberako distantziak osatuko dituzte.
