Itsasoa Batelerentzat da
Asteburuan bigarren eta hirugarren izan da 'Batelerak' trainerua. 'Erreka', berriz, bosgarren eta hamargarren.
San Juanen bi traineruak, atzo Orion.Jose A. Rodriguez Itsasoko estropadak izan dira asteburukoak Eusko Label eta Euskotren ligetan. Larunbatean Castron jokatu zena batez ere. San Juanen bi traineruek ez dute bide berbera jarraitu bietan: Batelerak oso ondo moldatu dira itsaso mugituan, larunbatean Castroko Caixabank banderan bigarren eta atzo (igandea) Orion hirugarren izan zirelako. Erreka trainerua, berriz, dezente ondo ibili zen Castron (bosgarren izan zen), baina atzo Orion, agian kaleak baldintzatuta, hamargarren izan ziren sasoiko posturik ahulena lortuz. Bi traineruek egindakoaren analisi orokorra aterata, argi geratu da Batelerak itsasoan ondo moldatzen direla, eta gizonen trainerua, gorabeherak izan arren, lehiakor dela.
Asteburu honetan ere harrobi usain oso nabarmeneko tripulazioak atera dituzte Kantaurira Anartz Gereño eta Joseba Fernandez entrenatzaileek. Horien hiru-laurden, etxekoak. Liga nagusi horietako handien ondoan eta haiei itzal egiten ari dira arrosak, eta nahiz eta banderen lehiatik urrun samar izan, estropada bakoitza esperientziak pilatzeko oso baliagarri izaten ari da bai Batelerak nahiz Erreka traineruetako arraunlarientzat. Etxekoak, eta oso gazteak baitira kirolari gehienak.

Ander Egaña lemazaina, patroien sailkapeneko liderraren elastikoarekin.
Detaile bat: Eusko Label Ligan, lemazainik onenaren sailkapenean, Ander Egañari jarri zioten patroi onenaren maillota jada ligako bost estropada jokatu direnean. Beste traineruen lemazainak nor diren ikusita, detailea baino, harro egoteko modukoa da izendapen hori.
Datozen bi estropadak, hurrengo asteburukoak, Galizian jokatuko dituzte sanjuandarrek. Ea hango itsas-baldintzak zer nolakoak diren.
- Eusko Label Ligaren xehetasunak ikusteko baliatu esteka hau.
- Euskotren Ligaren xehetasunak ikusteko baliatu esteka hau.
