'Libia'-ren bihotz taupadak, egonkor
KAE1 Ligako seigarren estropada, Orion, seigarren izan zen San Pedro. Sailkapenaren erdialdean egonkortu da.
'Libia' ontzia, aurten, artxiboko irudian. Erregulartasun handiarekin ari da San Pedro KAE1 Ligan. Jada sei estropada jokatu direnean, sailkapen nagusiko seigarren postuan da; igoerarako play-offeko postuetatik urrun da, baina baita jaitsierako tokietatik ere. Bihotz taupadak egonkor ditu Libia traineruak, jakinda aurtengoa trantsizio urtea izango dela. Asteburuko estropadan, Orioko larunbatekoan, seigarren izan ziren moreak. Zarautz, Deustu, Zumaia hirukoak hartu zituen, ligan ohikoa den bezala, lehen postuak.
Ekainaren 20an jokatu zuen San Pedrok KAE1eko lehen estropada, bosgarren izan zen Astilleron. Ordutik aurrera, laugarren izan zen etxean ekainaren 21ean, zazpigarren Plentzian ekainaren 27an, hamargarren Donibane Lohizunen uztailaren 4an, eta zazpigarren hilaren 5ean Zarautzen. Beraz, jada sasoian ondo-ondo sartua daudelarik, hasierako erregulartasun horri eutsi diote moreek asteburuko estropadan. Sendotzen ari da Patxi Frances, pixkanaka bada ere, taldea.
Datorren estropada hilaren 18an jokatuko du San Pedrok Erandion (17:00).
Esteka hau baliatuta, KAE1en sailkapen nagusia eta hainbat datu ikusteko aukera.
