Puntuak batzen jarraitzen du Hibaikak
Emakumeen ontzia azkena izan zen Castron eta eta seigarren atzoko estropadan Orion. Hibaikako Senior Gizonak, berriz, koska bat gora egin dute eta bederatzigarren dira sailkapen orokorrean.
hibaikako emakumeak asteburuan Orion, eta Hibaikako Gizonak aurreko estropada batean.Aitor Arrizabalag/ Liher Saiz Zarate Asteburuan bi estropada izan dituzte Hibaikako senior emakumeek. Larunbatekoa Castron (Kantabria, Espainia) ez zuten aldekoa izan eta azkenak sailkatu ziren. Atzokoan, koska bat gora egin zuten Orion jokatutako estropadan eta seigarren sailkatu ziren Iñaki Mendizabalek prestatzen dituenak. Atzoko estropada bukatuta egin zituen adierazpenak Itsaso Murciak eta Orion jokatutakoa Castrokoa bezala gogorra izan zela aitortu zuen, “baino atzo baino gusturago gelditu gara Orion egindako lanarekin. Lanean jarritu behar dugu, ea datorren asteburuan zer gertatzen den”.
Hibaikako emakumeen ontziak bost estropada jokatu ditu momentuz emakumeen arraunaren gorengoa den Euskotren Ligan (hamazazpi dira denera). Hurrengo asteburuan Galizian izango da Madalen ontzia Chapelan (Pontevedra, Galizia) larunbatean 17:25ean hasita eta Bueun (Pontevedra, Galizia) igandean 11:25ean hasita.
Koska bat gora sailkapen orokorrean Dani Cobjucek entrenatzen duen Hibaikaren Gizonen eskifaia. Orion izan zuten estropada errenteriarrek larunbat arratsaldean eta lortutako denbora eta puntuekin sailkapenean postu bat gora egin dute, ordutik puntu batengatik aurretik zuten Lapurdiri bi puntuko tartea sartuta; bederatzigarren dira, beraz, oraintxe errenteriarrak, eta postu hori mantentzeko gogor borrokatuko direla erakutsi dute. Euren txanda irabazi, eta bigarrenean aritu zen Hondarribi B ere irabazi zuten Orioko estropada horretan, Astillerotik hiru segundora geldituta.
Itzurun Aristi Zarate arraunlariak txandako ontziak ez zirela eroso sentitu esan zuen estropada bukatuta egindako adierazpenetan —Arkote, Orio B, Lapurdi eta Hibaika aritu ziren—, “Kalea nahikoa gogorra egin zaigu eta hala ere lortu dugu behar genuen emaitza, Hondarribi B-ren aurretik sailkatu gara baita Lapurdiren aurretik ere. Lana bete dugu”.
Momentuz sei estropada egin dituzte Madalen ontzikoek (hamasei dituzte denera) eta behetik gorako bidea egiten ari direla jarri dute nabarmen, momentuz bederen. Bide horri eusten asmatzea izango dute gakoa, baina ongi ari diren zalantzarik ez da.
Hurrengo lehia, datorren larunbatean hilaren 18an, Erandion 17:00etan. Itsasotik ibaira egingo dute; ea nola moldatzen diren. Zuzenean jarraitzeko aukera izango da, klik hemen.
Euskotren Ligako emaitzak ikusteko klik hemen; KAE1 Ligakoak ikusteko, berriz, klik hemen.
