Xakib Laxgar omenduko du Batzokiko Kirol Taldeak aurtengo haur krosean
Haur krosaren testuinguruan egingo dio Laxgarri omenaldia, hilaren 24an, 12:00etan.
Xakib Laxgar atzoko lasterketaren une batean, Kaputxinoetako biribilgunera igotzen. Madalenetako haur krosa antolatu du Batzokiko Kirol Taldeak hamazazpigarrenez, hilaren 24an, ostirala, 12:00etan.. Ohi bezala Koldo Mitxelena plazatik abiatuko da lasterketa. EAT Errenteria Atletismo elkartearen laguntzarekin hasi zen antolatzen txikienei begirako lasterketa; hori horrela, eskerrak eman dizkiote eragileari antolatzaileek urte hauetan gutzietan erakutsitako laguntza eta lankidetzarengatik.
Kirola gazteenen artean balio indibidual eta kolektiboen “motor aktiboa” dela sinistuta azaldu da Batzokiko Kirol Elkartea, “horregatik jarri genuen martxan haur krosa eta horregatik jarraituko dugu etorkizunean antolatzen “.
Ekitaldiro udalerriko elkarte edo pertsona bat omentzen dute antolatzaileek, “irola sustatzearen alde egindako lan aktiboagatik, banakako eta taldeko hobekuntza-ahaleginaren balioak sustatzeko eragile aktibo gisa”. Aurtengo omendua Xakib Laxgar atleta izango da, “ospe handiko hainbat garaipen lortu ditu, hala nola Behobia-Donostia, edo Donostiako Maratoi Erdiko hirukoa jarraian. 2:09:55eko maratoian erregistro onena duen atleta, maratoi erdiko Gipuzkoako errekorra duena 1:01:45eko markarekin. Horregatik guztiagatik, Errenterian egiten duen lana eskertzeko, eta bereziki gure herrian kirola sustatzeko egiten duen ahaleginagatik, merezitako omenaldia jasoko du
Batzokiko Kirol Taldeko ordezkariek Koldo Mitxelena Plaza berriro betetzeko deia egin diete Errenteriako eta bailarako haur guztiei Madalenetako Haur Krosaren ekitaldian parte hartzeko. “Era berean, jarraitzaile, lagun eta kirolzale guztiak gonbidatzen ditugu gure atletari, Xakib Laxgarri, eskainiko diogun ondo merezitako omenaldi honetan parte hartzera”.
Azkenik, Batzokiko Kirol Taldeak Madalenak errespetutik, berdintasunetik eta bizikidetzatik gozatzera deitu ditu herritar guztiak, eta madalen jai zoriontsuak opa dizkie errenteriar guztiei.
