Lehen txupinazoa Oreretako Mugimendu Feministarena izan da
OaingozHau mugimenduak Oreretako Mugimendu Feminista omendu du, madalenak hasi aurretik, Panier gunean.
OaingozHau mugimenduak Oreretako Mugimendu Feminista omendu du, madalenak hasi aurretik, Panier gunean. Urtero herriko eragileei aitortza egiten die mugimenduak festak hasi aurretik, jaiak herrikoiak eta askeak izan daitezen bokazioari eutsiz. “Omenaldi xume baina indartsua” egin die herriko feministen mugimenduari, “maite ditugun horientzat da omenaldi hau”, esan dute OiangozHauko kideek. Ekitaldia bukatzean brindisa egin dute Panierren zirenek; ondoren Oreretako Mugimendu Feministako kideek hiru suziri bota dituzte Oreretako zerura. “Zuek gabe ez gara herri, zuen borrokarik gabe ez dago Oreretarik, zuek herri egiten duzuelako, egiten gaituzuelako, aitortza hau zuentzat da”. Txalo zaparrada hitzon ondoren, ozen eta luzea.
Hainbat emakumeren testigantzak irakurri dituzte ekitaldian, haientzat Oreretako Mugimendu Feminista zer den azaltzen zutenak (beheko bideoan testigantza horietako batzuk); dantzariek ohorezko Agurra dantzatu diete; eta ekitaldia bitartean sortzaile gazte batek artelana egin du, Oreretako Mugimendu Feministari emateko. Konplizitate handiko uneak sortu dira Panierreko karpan bildu direnen artean, irribarreak, besarkadak. Oreretako Mugimendu Feministaren ordezkariak karpa zuri horren erdi-erdian izan dira. Herriko emakumeen testigantzak arras hunkigarriak izan dira.
Oreretako Mugimendu Feministaren bidearen errepasoa ere egin dute OaingozHauko kideek. Azaldu dute mugimenduaren hastapenak frankismoaren azken urteetan izan zirela, diktaduraren kontrako borrokarekin eta emakumeen eskubideen aldekoarekin. Urteen poderioz Oreretako gizarte mugimenduen abangoardia bihurtu zen, eta hizlariek alorrez alor egindakoen, lortutakoen eta landutakoen zerrenda luzea azaldu diete karpan zirenei. “Emakumek zuten espazio falta ikusita, espazioak bereganatzen hasi zineten. Eta mugarri historikoa izan zen Emakumeen Etxea martxan jartzea. Erreferentziazkoa bihurtu da”.
Azken asteetan izandakoei ere egin diete erreferentzia aurkezleek. “Ez dira errazak izan azken asteak. Herrian gertakari lazgarriak ezagutarazi dira. Zuek jaso duzue egurra, epaituak izan zarete, zalantzan jarriak, zuek esan ez dituzuenak zuen ahotan jarri dira, zuen lana ezbaian jarri dute. Hori guztia esan dutenei hau esan nahi diegu: ke les den!“. Babesgune, arnasgune da Oreretako Mugimendu Feminista, “eta horregatik pila maite zaituztegu. Oreretako Mugimendu Feminista: zuenak dira jaiak; gureak dira kaleak. Gora borroka feminista!”.
