Ezinbestekoa den sareari, kuadrillen aitortza
Ehunka eta ehunka lagunek osatutako marea urdinak dantzan eta kantuan jarri du herria. Une hunkigarria izan da Madalena kalean Oreretako mugimendu Feminista omentzerakoan.
Bihotzetik bihotzera. Sentitua, eta zalantzarik gabe OaingozHau mugimenduak nabarmen jarri duen bezala merezi-merezitako omenaldia egin diete Oreretako kuadrillek Oreretako Mugimendu Feministari eta Oreretako Asanblada Feministari, beti euren erreferente diren emakumeei, “beti daudelako prest gu laguntzeko”. Merezitako omenaldia zalantzarik gabe, aurtengoa bereziki gogorra izan dutelako, eta orain arte bezala, beste behin ere, emakumeen nahia, emakumeen beharrak jarri dituztelako erdi-erdian muturreraino eramateko.
Erreferentziazko mugimendua da, eta hortik harago: eredua da. Babesa, sarea, enpatia, maitasuna, goxotasuna, konplizitatea izan da bere ibilbide osoan mugimendu feminista emakume asko-askorentzat. Hitz bakarrean ere eraman daiteke mugimendu hori: Ezinbestekoa.
Zumarditik 17:00etan abiatu dira dozenaka eta dozenaka lagun marea urdina osatuta Erdialdeko kaleak doinuz eta alaitasunez betetzeko, baina baita aldarriz ere; OaingozHau mugimenduak herri bat egin duelako, festak bizi eta antolatzeko era bat., erabat errotuta dagoena. DJ Bullek musikatutako kamioiak bideratu du segizioa herrian barrena, eta dantzan eta kantuan jarraitu dio marea urdinak.
Madalena kalean egin dute omenaldia, eta gaur inoiz baino moreagoa izan da eremu hori, puntu morea jarri baitute bertan: Joxepa Antoni Aranberri eraikineko balkoi denetan zein pareko etxeetakoetan ikur feministak, puxika moreak baita eztandarazi dituzten txupinen konfetia ere. Beti da berezia eremu horretan bizitzen dena, eta gaur bereziki hunkigarria izan da, aitortza egin dioten eragileak gorputza jarri baitu —eta jartzen jarraitzen du— emakumeen alde, itzelezko lan militantea eginda.
Mugimendu eta asanblada feministari aitortza OiangozHauk eta ehunka lagunek osatutako marea urdinak, eta mezua erasotzaile, baboso, bortxatzaile eta haien konplizeei, “begiz jota zaituztegu eta ez zaituztegu bakean utziko; errioan bukatuko duzue. Erasotzaileak eta zuen konplizeak kanpora gure herritik eta gure festetatik”.
Borroka feministaren aldeko oihuen segidan, musika berriro, keinu egiteko borroka feministari.
Hortik, Herriko Plazara jo dute. Bertan ere, une hunkigarria gaurkoan, urtero bezala. Mugimendu feministako bi ordezkarik, Xanti eta Maialeni madalenetako zapia jarri diete lepoan, bildutakoen txalo zaparrada artean. Ondoren, Aizpea Otaegi alkateak Aurreskua dantzatu die kuadrillei, haiei eta aurtengo omendua izan den mugimendu feministari aitortza egiteko. Eta Otaegiri txaloka erantzun diote kuadrilleek. Argazki erraldoia eginda, bukaera gunea aldatu dute aurten, eta Erdiko kaletik joan beharrean, aspaldian egiten zen bezala Zumarditik pasata garai hartako Euskal gunean bukatu dute, gaur egungo Panier gunean.
