Soinuenea omendu dute bezperan
Bihar hasiko dira xanistebanak, baina gaur jada festa giroa dute askok gorputzean. Ekitaldi kulturala egin da, herriko omenduak aurkezteko eta hainbat sari banatzeko.
Beste urte batez, xanistebanen atarian herriko kultur ekitaldia egin dute, Landetxen. Mugarria, urtekaria, kartel lehiaketa… Festa giroa dago herrian, baina badago zer aitortu. Juan Mari Beltranen Soinuenea proiektuak ere bere aitortza berezia jaso du.
Soinueneak jaso du XX saria. “Udalaren deia jaso genuenean sustoa izan zen, baina gozoa, ez susto txarra”, esan du Juan Mari Beltran Soinueneako sortzaileak. 1995. urtean sortu zen, herri musikari museo bat zuzentzeko xedearekin. “2002an ireki zituen bere ateak Soinueneak. Milaka pertsona pasa dira bertatik. Ikasleak, goi mailako musikariak… denetarik”. Beltranek argi zuen horrelako proiektu batek Oiartzunen izan behar zuela bere eremua.
“Sari asko jaso ditugu azken aldian, baina hau oso berezia da, etxeko saria delako”, esan du Beltranek. Eskerrak eman ez ezik, Soinueneak soinua, musika, eskaini die bertaratutakoei. Tobera jo dute Soinueneako kideek, eta noski, tobera jotzen denean moduan, koplak kantatu. Bertaratutakoen laguntzaz kantatu dute.
Mugarri bildumak beste ale bat du: Oiartzungo burdinolak, olagizonen auzia eta Olaberria Udal Burdinola. Oraingoan, herriko burdinolen ingurukoa da, eta Jose Mari Iturriotzek idatzitakoa. Oiartzunen burdinolak izan zuten garrantzia goraipatu nahi izan du dute bertan, baita herriko historian, eta ondarean sakondu ere. Era berean, urtekaria ere aurkeztu dute. Urtekariko elkarrizketa bat nabarmendu nahi izan dute: Sandra Mosquera Martinezi egindakoa, Ekuadorren jaiotako oiartzuarrari.
Kartelaren sariak
Noski, jaietako kartel lehiaketako irabazlea bertan izan da, Igor San Jose Izagirre. Baina baita ere beste sarituak, hala nola gazteen arteko onena Eki Arbelaitz, oiartzuar onena Iratz Inziarte edo sari bereziak, Angel Blanco eta Sara Ayllon. Bakoitzak bere aitormena jaso du, udaleko zinegotzien aldetik.
Bukaeran, denei batera egin diete agurra Olarri dantza taldeko dantzariek. Lartaun txistulari taldeak girotu du arratsalde guztia, eta ohorezko kontrapasa ere haien esku joan da.
Hona hemen gaur HITZAk ateratako argazkiak:
