Ugaldetxo eta Ergoien, besteen gainetik
Auzoen Arteko Sokatira Txapelketa egin dute gaur Madalensoron. Ugaldetxok irabazi du gizonetan eta Ergoienek emakumeetan.
Oiartzungo ze auzo da onena? Hori ez dugu jakingo, baina sokatiran, aurten behintzat, nortzuk gailendu diren bai. Ugaldetxo da gizonezkoetan aurtengo Auzoen Arteko Sokatira Txapelketako txapelduna, eta Ergoien emakumezkoetan. Harrotasunarekin itzuli dira haien auzora seguru, eta badute zertaz harro egon gaurko parrandan. Emakumezkoetan lau auzok hartu dute oarte: Karrika, Ergoien, Iturriotz eta Arragua. Mutiletan, berriz, denek Gurutze izan ezik.
Beroketekin hasi dira parte hartzaileak, Madalensoro frontoiko kanpoaldean korrika. Barruan jada, saltoak, sentadillak eta begirada serioak. Hasterakoan, auzo izaera gailentzen da, eta ez soilik behean, frontoia bete egin baita, eta auzo bakoitzeko bizilagunek gogotsu animatzen dute haien taldea.
Arraguak eraman du arratsaldeko lehen garaipena, Iturriotz irabaziz. Ondoren, etsai handietako bat izan dute aurrean: Karrika. Nuloren bat erdian izanda, bakoitzak joko bat eraman du. Bide onean jarraitu dute arraguarrak. Ergoieni ere irabazi egin diote, indarrak ja pixkanaka erortzen hasten zirenean. Baina ezin izan dute Ugaldetxorekin. Arratsaldeko joko luzeenetarikoa egin dute haien artean, emanaldi itzela emanez.
Ergoiendarrak ongi hasi dira, baina auzo faboritoen aurka ezin izan dute asko egin. Arraguak puntu bat kendu dio, Karrikak bi eta Ugaldetxok beste bat. Karrika ere, lehia aurrera ziola, faboritoen zakuan sartu da, lehen 4 jokotan zazpi puntu ateraz. Haien indarra bukaera aldera erakutsi dute, esan bezala, Ergoieni bi puntuak ateraz, eta zaleei borroka polita eta luzea erakutsiz.
Ugaldetxok ere, kilt-ak gainean dituztela, beste hainbat lehia polit izan ditu. Gailentasun handia izan dute hainbat etsaien aurka, lasaitasunez irabaziz eta itxaroten jakiten. Finalean ere berdin ibili dira. Lehen tirada irabazi diote Karrikari, eta hurrengoa nuloa izan da epaileen ustez. Azken tirada, Karrikaren hiru faltengandik irabazi dute Ugaldetxokoek. Iturriotz eta Elizalde izan dira gaur nahi bai baina ezin izan dutenak. Hainbat porrot bildu ondoren, haien arteko lehian Iturriotz gailendu da, eta Elizaldeko taldekideak garaipenik gabe joan dira etxera. Altzibarrek haiek biak irabazi ditu, baina geroago ezin izan ditu puntu asko lortu, soilik Ergoieni lehia polit batean ateratako biak.
Nesketan, garaile argia
Iturriotzeko neskak ere ez dira zorte handiarekin hasi gaur. Lehenengo lehia Ergoienen aurka izan dute, eta ez dute punturik atera, baina ondoren, Karrika garaitu dute. Arraguarrak, gizonezkoetan bezala, irabazten hasi dira, Karrika punturik gabe utziz, baina ondoren ezin izan dute faboritoaren aurka, Ergoienen aurka.
Teknika ederra erakutsi dute emakumeek, demostratuz Oiartzungo emakumeen eta sokatiraren arteko harremana estua eta indartsua dela. Ergoiendarrak, beheraino jaitsiz eta gogor eutsiz, pixkanaka arerio guztiak irabazi dituzte. Ergoienek plenoa egin du, bere arerio guztiak irabaziz, haien indarra eta jokatzeko era maila altukoa dela erakutsiz.
Hona hemen gaur HITZAk ateratako argazkiak:
