Segurtasunaren alde, arkupeen argiztapenak hobetu ditu udalak
Herriko hainbat puntutan egin dute hobekuntza. Hurrengoak Gabierrotako Azpitarte pasabidekoak izango dira.
Udalerriko hainbat arkupeetako argiztapena hobetu du Errenteriako Udalak, irisgarritasuna eta segurtasuna indartzeko xedearekin. Espazio erosogoak sortu nahi ditu udalak herritarrentzat, eta horregatik, herriko puntu ilun asko argiztatzen dabil.
Orain arte, jarduerak Alfontso XI.aren eta Xabier Olaskoaga plazaren arkupeetan, Alabergako Arditurri plazako arkupeetan, Morronguilleta eta Bidasoako arkupeetan eta Martin Etxeberria eta Juan Olazabal arteko pasabideetan burutu dira. Orain, aldiz, Beraungo Aita Donostia kalekoetakoak amaitzen ari dira, eta hurreng pausua Gabierrotako Azpitarte pasabideko arkupeak izango dira.
“Hobekuntza horiei esker, ikuspena handituko da herritarrek asko erabiltzen dituzten pasaguneetan, eta mugikortasun erosoagoa eta seguruagoa bultzatuko da, batez ere gauetan. Horrela, udalak espazio publikoak mantentzeko eta etengabe hobetzeko konpromisoa indartzen du, auzotarren beharretara egokituz”, azaldu du Errenteriako Udalak ohar bidez.
