Aparkalekuen arazoari aurre egiteko "adabakiak" jartzea egotzi dio PSE-EEk EH Bilduri
"Inprobisazio politikak" erabiltzea eta "adabakiak" jartzea egotzi dio alderdi sozialistak EH Bilduri aparkalekuaren auziari erantzuteko.
Udalerrian aparkaleku faltari erantzuteko “inprobisazioa eta adabakiak” erabiltzea egotzi dio alderdi sozialistak EH Bilduri. Prentsa ohar bidez egin ditu adierazpen horiek PSE-EEk, eta kexu azaldu da, “Olibet-Etxeberriak eta Altzate agindutako 400 aparkaleku plazetatik Altzateko 50 plazak baino ez ditu egin”.
Udal Gobernuak hartutako azken neurriekin ere kritiko, PSE-EE. Horren harira, TAO zerbitzua Iztieta-Altzaten zabaltzeko erabakia, edota Miguel Irastorzako aparkalekua seigarren zonaldean txartatu izana aipatu ditu, baita Pablo Sorozabal plaza gaueko aparkaleku gisa erabiltzeko epea zabaltzea irailera ere: “neurri horiek ez diote erantzuten arazoari, Errenterian aparkalekuak falta dira eta Gobernu taldeak urteak daramatza horiek sortzeko inbertsiorik egin gabe”.
Harago jo du, eta auzo batean aparkatzea mugatzeak, arazoa beste auzo batera eramango duen zalantzarik ez du PSE-EEk: “Adabaki politika honek gainera, eragina izaten ari da auzoetako espazio publikoaren gainean. Lehenik Alabergako plazak bukatu zuen aparkaleku bilakatuta; gauza bera gertatu zen ondoren Galtzarabordako futbol zelaiarekin; Migel Irastorza ere futbol zelaia zen aurretik, eta orain Beraunen gertatu da, Pablo Sorozabal plazan eta hala jarraituko du irailean”.
