Zarata portura eraman dute
Dozenaka herritarrek portuaren jardunaren gaineko ezinegona eta haserrea azaldu dute, manifestazio zaratatsuan.
Atzoko batzarraren une bat. Portuko txatar mendixka batean abuztuaren 21ean izan zen sutea aspaldian lezoarrek, eta portuaren inguruan bizi diren herritarrek portuaren jardunaren gainean duten kezka, ezinegon eta haserrearen piztaile izan zen. Bai herritarrek zein tokiko erakundeek maiz agertutakoa kezka da hori, portuak sortzen duen zarata eta kutsaduragatik. Lezoarrek, ordea, portuaren jardunaren kontrakotasunetik harago doan izaera eman diote herri ekimenetik sortu den mugimenduari, iritzita euren osasunean eta bizi kalitatean portuaren egitekoak eragina duela, baina baita beste aldagai batzuk ere, tartean herrigunetik 1.200 kamioi pasatzen direla egunero-egunero. Kezka eta haserre horiek egituratzen hasi dira lezoarrak, eta atzo asanblea eta manifestazio zaratatsua egin zituzten. Portuko Lezoko sarreraraino eraman zuten zarata. Osasuna behar dugu, portu zikinik ez! leloa zuen martxa zabaldu zuen pankartak.
Dozenaka izan ziren lehenik Gurutze Santuaren plazan egindako batzarrean, eta ondoren mobilizazioan izan zirenak. Asanblean lezoarrek herri mugimendua ezaugarritzeko ideiak eman zituzten, baita hainbat ekintza burutzeko proposamenak egin ere euren haserrea era iraunkorrean bideratzeko; era berean, lantaldeak sortzeko asmoa dute. Horiek guztiak akta batean jaso ziren.
Gainera, Pasaiako Portu Agintaritzari salaketa administratiboa ezartzea dute asmo herritarrek, eta hori indartzeko sinadura bilketarekin ari dira: atzo emandako datuen arabera, ia 1.000 herritar dira bide horri atxikimendua eman diotenak. Sinadurak emateko aukera zabalik da oraindik ere; hori egiteko aukera hainbat bidetatik zabalduko dela jakinarazi zuten herri ekimenez sortu den mugimenduko kideek.
Hurrengo batzarra eta mobilizazioa hilaren 17rako iragarri dituzte.
