Udalak portuari zerga tasarik handiena ezar diezaiola nahi du Lezoko PSE-EEk
Portuari BICE zerga bereziaren zenbatekorik handiena aplika diezaziola eskatu dio udal gobernuari alderdi sozialistak.
Joxean Sanchez, PSE-EEren eleduna, atzealdean portua duela. Gipuzkoako Batzar Nagusiek Higiezinen Katastroari eta Ondasun Higiezinen gaineko Zergari (OHZ) buruzko Foru Araua onartu zuten. Arau berriak BICEen figura jasotzen du, eta, horri esker, Pasaiako portua bezalako azpiegitura handiek modu justu eta proportzionalean ekarpena egin dezakete beren jardueraren eragin zuzena jasaten duten udalerrietako tokiko ogasunei. Zerga horren aplikazioa gehienez portuaren jardueraren %0,7koa izan daiteke. Bada, Lezoko PSE-EEk gehienezko kopuru hori portuari aplika diezaiola eskatu dio EH Bilduren gobernu taldeari.
PSE-EEren eledun Joxean Sanchezen esanetan, portuak inguruko udalerrietan duen eragina nolabait lausotzeko zerga berezi hori ezartzea herritarren eta udalen aldarrikapen historikoa zen. Hala, zerga ezarrita, “hamarkadetan jasan den desoreka zuzentzeko” aukera izango da: “Portuak eragin handia du gure udalerrian, gizarte eta ingurumen mailan, baina orain arte Lezok ez zuen kalte horien araberako konpentsazio fiskalik jasotzen. BICEren figurarekin, azkenik, badugu tresna bat gainerako udalerriekin parekatzeko eta Lezok jasan duen bidegabekeria fiskala konpontzeko”.
PSE-EEk udal gobernuak 2027ko ordenantza fiskalen zirriborroan egin duen eskaera aintzat hartzea espero du, eta zergaren ezarpenetik etor daitekeen diru bilketa “lehentasunez” portuak berak sortzen dituen “ondorio negatiboak edo kanpo eraginak” arintzera bideratzea, “batez ere mugikortasunaren eta trafiko astunaren arloan, baita hirigintzaren, kutsadura akustikoaren eta ingurumenaren narriaduraren arloetan ere”.
