Musika eta dantza eskolako matrikulazioak, zabalik
Udal musika eta dantza eskolak hilaren 21ean hasiko du ikasturtea, eta interesdunak bertara batu daitezke oraindik.
Juanje Neira Pasaiako Udal Musika eta Dantza Eskolak hilaren 21ean hasiko du 2026-2027 ikasturtea. Eskolak bere prestakuntza eskaintza osoa du eskuragarri, eta matrikulazio epea zabalik du oraindik.
Eskolak musika eta euskal dantzako prestakuntza praktikoa eskaintzen die hiru urtetik gorako pertsonei, adin mugarik gabe eta aldez aurretiko ezagutzarik izateko beharrik gabe. Bere hezkuntza proposamena herritar guztiak hartzeko diseinatua dagoela adierazi dute arduradunek, haurretatik hasi eta heldu zein adineko pertsonetaraino, adin, interes eta esperientzia maila bakoitzera egokitutako ibilbideak eskainiz.
Ikasturte berriak parte hartzea, ikaskuntza praktikoa eta musika eta dantzaz gozatzea ardatz izango dituela baietsi du eskolak, “adierazpenerako eta bizikidetzarako tresna gisa”.
2026-2027 ikasturteko eskaintzak bi berritasun izango dituela aurreratu dute arduradunek. Alde batetik, Plaza Dantzak izeneko ikastaroa antolatu dute. Euskal dantzarekin berriro elkartu nahi duten helduei zuzendutako proposamena da, giro hurbila eta parte hartzailea sustatzeko helburua duena. Parte hartzeko aurretiko esperientzia izatea beharrezkoa ez dela adierazi du eskolak.
Bestalde, Soinu eta Grabazio tailer berriak eskainiko dituzte aurten, prestakuntza praktiko eta gaurkotasunezkoa eskaintzeko soinuaren, musika produkzioaren eta grabazioaren munduan murgiltzeko xedearekin.
Ikasturtean zehar, gainera, eskolaren jarduera kontzertuek, entzunaldiek, tailerrek eta jaialdiek osatuko dutela gogorarazi dute arduradunek. Jarduera horiek ikasleen lana partekatzeko eta ikaskuntza komunitate osoari irekitako esperientzia bihurtzeko aukera eskainiko dutela baietsi du eskolak.
Matrikulazioak
2026-2027 ikasturteko matrikulazioa zabalik dago oraindik. Interesdunek informazioa eskatu edo matrikula Pasaia Musikaleko egoitzan egin dezakete, Trintxerpeko Donostia kalean. Honakoa da eskolako harrera ordutegia: astelehenetik ostegunera, 09:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 19:30era, eta ostiraletan 09:00etatik 14:00etara.
Informazio gehiagorako telefonoa (943 39 60 55) eta posta elektronikoa jarri dituzte interesdunen eskura.
