Ohorezkoak dira Batelerak
Atzoko Kontxako lehen jardunaldian hirugarren izan, eta datorren igandean Kontxako ohorezko txandan izango da 'Batelerak' trainerua.
Atzokoan ordezko lemazain izan zen Laida Valderrama, Inder Paredes trainerutik ateratzen.Joseba Parron San Sebastian / Irutxuloko Hitza Egun bikaina atzokoa Batelerak traineruarentzat. Kontxako lehen jardunaldian hirugarren izan, eta bigarren jardunaldiko ohorezko txandan aritzeko eskubidea lortu dute. Ez zen batere erraza izan arrosen jarduna, bigarren txandan Astillerorekin (Arraun Lagunak geldiezinak irabazi zuen haien txandan) lehia estu-estua izan zutelako, eta gainera, lehen txandako denborek, Tolosaldearenak, Hibaikarenka eta Donostiarrarenak. den-dena ematera behartu zituelako. Baina ekinaren ekinez, sasoi osoan bezala, emaitza ezin hobea lortu eta San Juan berriz ere ohorezkoa izango da. 2020tik ez zela Kontxan emakume sanjuandarren trainerua, orduko hartan zortzigarren izan ziren sailkapen nagusian. Datu horrek atzo Batelerek lortutakoari balio erantsia ematen dio.
Bigarren txandako lehen kalean (adituek diotenez, zailena) atera zen atzo San Juan, Arraun Lagunak ahalguztiduna laugarren kalean, bigarrenean Astillero, eta hirugarrenean Orio zituelarik. Arraun Lagunak-ek hasieratik egin zuen ihes; Orio eta Astillerorekin, lehen luzean, borroka latza izan zuten arrosek, ziangora denbora berdinarekin iritsi zirelako hirurak (5.19). Bueltakoan, Oriok segundoak tantaka galdu zituen, eta Batelerak Astilleroren aurretik beti joan arren, kantabriarren hatsa hurbil-hurbil nabaritu zuen Inder Paredes lemazainak bueltako osoan. Hala, helmugan, 11.00n gelditu zuten kronometroa bi traineruek, baina ehunekoak aldeko izan zituzten sanjuandarrek, 20 zehazki. Beraz, txandan, bigarren.
Aurreko txandan, ordea, Tolosaldeak 10.58k0 denbora egin zuen, eta horregatik, txandan bigarren izan arren sailkapen nagusiko hirugarren postua lortu zuten arrosek. Balentria handitzat eman daiteke emaitza, EuskoTrenera iritsi berriak direlako, eta Kontxan 2020tik ez zeudelako.
Hilaren 13ko bigarren egunean gozatzera aterako dira Batelerak, jakinda haien gozamenaren muina lehiatzea dela. Ez dakite amore ematen. Batelerak traineruan atzo ziren gehienak ez ziren inoiz ere Kontxan izan. Datozen urteei begira eraikitzen ari diren proiektua indartzeko arras baliagarri izango zaie atzokoa errepikatu, edo hobetzea.
Jarraian, atzoko lehen jardunaldiak utzitako sailkapen nagusia:
- 1. Arraun Lagunak 10.49.68
- 2. Tolosaldea 10.58.86
- 3. San Juan 11.00.22
- 4. Astillero 11.00.42
- 5. Hibaika 11.02.00
- 6. Donostiarra 11.02.94
- 7. Zarautz 11.07.76
- 8. Orio 11.08.14
