EPLEren pilota eskolak asteartean hasiko du ikasturte berria
Izen ematea doakoa da pilota eskolan. Gerturatu eta probatzera animatu dituzte haur eta gaztetxoak.
Agustina Otaola pilotalekua. EPLEk dena prest du pilota eskolaren ikasturte berriari ekiteko. asteartean, hilaren 15ean izango da hori Agustina Oatola Raketista Profesionala pilotalekuan, eta ekainean bukatuko dira saioak. Gogorarazi dute, izena ematea doakoa dela, eta edozein momentutan gerturatu daitezkeela haur eta gaztetxoak probatu eta pilotaren mundura gerturatzeko.
Harrobiko eskolak oinarrizko kirolean hezteko adituak diren begiraleekin egiten ditu EPLEk, euskal pilota diziplinan adituekin, zehazki.
Adin eta kategorien araberako ordutegiak izango ditu EPLEren Pilota Eskolak. Esku pilotan benjaminek, 2017-2018an jaioek alegia, astearteetan entrenatuko dute 17:00etatik 18:00etara; Haurrek, 2013-2014an jaioek asteazkenetan izango dituzte saioak 17:00etatik 18:00etara, eta kimuek 2015-2016 jaiotakoek, ostegunetan 17:00etatik 18:00etara.
Haur eta Kimuentzat Pala saioak ere egingo dituzte astearteetan 18:00etatik 19:00etara.
Eskolan parte hartu nahi dutenek egun eta ordutegi horietan pasa daitezke pilotalekutik eta begiraleekin harremanetan jarri edo 680 71 94 22 telefono zenbakira deitu zalantzak argitzeko.
Federatuak asteburuan
Federatuek asteburuan hasiko dute ikasturte berria, zehazkim ezker paretako gipuzkoako txapelketa. EPLEko hamar talde ariko dira eskuz binaka, larruzko paletan, eta gomazko paletan, denak senior kategoriakoak. Partiden kartellera eta klubaren bestelako jarduerak kontsultatzeko web orrira jo daiteke (klik hemen), baita X, Facebook eta Instagramen ere.
