Helburuak beteta, gora egin nahi dute
San Juan, Hibaika eta Hondarribia Kontxako Banderaren lehian izango ez badira ere, estropada bikaina egin zuten lehen jardunaldian, eta sentsazio on horiei jarraipena eman nahi diete etzi.
Lehen jardunaldiko irudi bat.Joseba Parron / Irutxuloko Hitza Sorpresa gutxi eta gauza argi asko utzi ditu Kontxako Banderaren lehen jardunaldiak. Emakumeetan zein gizonetan pronostiko guztiak bete ziren iragan igandean, eta Arraun Lagunak-ek eta Oriok denboraldi osoan erakutsi duten nagusitasuna agerian gelditu zen Kontxako badian.
Bi traineru horiek gertu dute Kontxako Bandera preziatua lortzeko aukera. Donostiarrentzat laugarren garaikurra litzateke jarraian, eta oriotarrentzat, bigarrena. Arraun Lagunak-ek 9 segundo ateratzen dizkio bigarren postuan den Tolosaldeari eta 10 hirugarrenean den San Juani. Gizonetan, aldiz, aldeak estuagoak dira. Oriok 3 segundoko errenta du bigarren postuan den Donostiarrarekiko eta 11 hirugarrenean den Zierbenarekiko.
Oarso Bidasoko traineruei dagokienean, aurten hiru ordezkari ari dira Kontxako Banderaren lehian: emakumeetan San Juan eta Hibaika, eta gizonetan Hondarribia. Lehen jardunaldiak erakutsi du eskualdeko ontziak ez direla banderaren borrokan izango, baina hiruak pozik dira iragan igandean egindako lanarekin.
2024an trainerua berriro sortu eta iaz ligara igoera lortu ondoren, aurtengoa izan da San Juanen lehen urtea Euskotren Ligan eta Kontxan. Hankak lurrean, Batelerak ontziaren helburuak maila mantentzea eta Kontxarako sailkatzea zirela adierazi du Anartz Gereño prestatzaileak. Helburu horiek erraz gainditu dituzte, eta ligan hirugarren izan ondoren, arrosak Kontxako ohorezko txandan izango dira etzi, lehen jardunaldian hirugarren izan baitziren. Eskifaia «animo handiarekin» dagoela aitortu du Gereñok, «oso estropada ona» egin baitzuten. Denboraldiko helburuak beteta, «hobetzera, disfrutatzera eta esperientzia hartzera» aterako dira arrosak bigarren jardunaldian, «topera» lehiatuz.
Hibaika bosgarren izan zen iragan igandeko estropadan, eta lehen txandan aterako da Madalen ontzia. Kontxan egotearen lasaitasuna baliatuta, «oso estropada konpletoa» egin zutela adierazi du Iñaki Mendizabal prestatzaileak. Hori dela eta, Mendizabal «itxaropentsu» da etzirako, lehen jardunaldiko sentsazioak «oso onak» izan baitziren. Arraun Lagunak izan ezik, gainontzeko ontziak segundo gutxitan daude, eta sailkapenean posturen bat hobetu nahi dute oreretarrek. Horretarako, lehen txanda irabaztea funtsezkoa izango dela esan du Mendizabalek.
Hondarribia ohorezko txandan izango da etzi, lehen jardunaldian laugarren izan ondoren. Ontzi azkarrenen aldamenean egotea «oso garrantzitsua» dela baietsi du Mikel Orbañanos prestatzaileak. Banderaren lehian izango ez badira ere, berdeen helburua da bigarrenean ere «gogor irten» eta beren «maila onena» ematea.
