Urrezko bukaera denboraldiari
Estropada bikaina egin du Hibaikak Kontxaren bigarren jardunaldian. Lehenengo txandan nagusitasunez gailendu da 'Madalen' ontzia, bigarren sailkatuari bederatzi segundoko aldea aterata.
Hibaikako arraunlariak estropada bukatuta zaleak agurtzen.Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza Madalen ontziak urrezko bukaera eman dio denboraldiari. Estropada bikaina, Iñaki Mendizabalek entrenatzen dituen emakumeek atzo lehiatutako Kontxako Banderaren bigarren jardunaldikoa. Lehen txandan aritu zen Hibaika, eta erraz, nagusitasun osoz gailendu beste hiru ontziei bigarren sailkatu zen Donostiarrari bederatzi segundoko aldea aterata.
Hasiera-hasieratik proa sartuta errenteriarrak, denbora apur bat galdu zuen ziabogan, baina handik aterata beste hiru traineruekiko distantzia handitu zuen Hibaikak, kirol ikustaldi bikaina eginda. Azkenean, bederatzi segundoko aldea lehenengo txandan bigarren sailkatu zen Donostiarrari, ia 10 segundo Oriori eta 11 Zarautzi. Ohorezkoan aritutako ontzien denborak ez zituen hobetu Madalenek, eta hori horrela, bosgarren sailkatu zen. Pozik eta harro egon daitezke; Kontxan sailkatzera joan ziren aurreko ostegunean, eta txartela lortu bai, baina ikustaldi bikaina eman dute errenteriarrek bi jardunaldietan.
Pozik azaldu zen atzo bertan egindako adierazpenetan Maddi Insausti arraunlaria: “Gure txanda haustera atera gara, eta goikoei kosk egitera. Estropada buru ginela ikusita, arraunkera egoki mantendu dugu eta gozatu arraunean”. Harro Kontxako bi estropadetan taldeak eman duen mailarekin, zein denboraldiarekin.
Eskaera bat ere Insaustik antolatzaileei; 2020ko COVIDaren pandemiaren ondotik, bi puntutatik uretaratzen dituzte ontziak arraunlariek, zozketaz: portuko arrapalatik sartu eta irteten dira erdia, eta beste erdia, berriz, garabitik. Pandemia testuinguruan hartutako erabaki hori mantendu dute, eta hala egiten jarraitzen dute. Insaustik, errespetu osoz, eskatu zuen atzo berbegira dezatela neurri hori, eta eman diezaiotela aukera arraunlari eta ontzi guztiei arrapalatik uretaratu eta bertatik ateratzeko ere: “Garrantzia ikaragarria du guretzat zaleen babesa eta arrapalan jasotzea oso garrantzitsua da arraunlariontzat. Nik ezagutu dut arrapalatik sartu eta ateratzea, baina nire kide askok ez. Zaleen animoak eta babesa oso garrantzitsuak dira eta une hori berezia”.
