Antxoko Eskalantegi kalean txandakako trafikoa ezarriko da bi astez
Luzuriagako fabrikan egiten ari diren eraberritze lanak direla eta, trafikoa bi noranzkoetan txandaka bideratuko da bihartik aurrera.
Antxoko Luzuriaga fabrikan egiten ari diren eraberritze lanak direla eta, Eskalantegi kalearen azken zenbakietan trafiko aldaketak izango dira bihartik aurrera (asteazkena, hilaren 16a).
Iberdrolaren hornidurarako kanalizazioen instalazio lanak egin ahal izateko, errepidearen erreietako bat okupatu beharko da. Zehazki eraikinaren ondoan dagoen erreia moztuko da, Molinaoko noranzkoan doana. Bihartik aurrera, trafikoa bi noranzkoetan txandaka bideratuko da libre geratuko den errei bakarretik.
Bi noranzkoetako zirkulazioa bermatzeko, bi semaforo sinkronizatu jarriko dira ibilgailuen joan-etorriak ahalbidetu eta horiek txandaka arautzeko. Horrez gain, obren eremua hesiekin mugatuko da, eta beharrezko seinaleak jarriko dira galtzadaren estutzea eta trafikoaren antolaketa berria adierazteko.
Bihar hasiko diren lanek bi asteko iraupena izatea aurreikusi du udalak. Seinaleztapena eta obra elementuak biharko 08:00etan hasiko dira jartzen.
Udalak barkamena eskatu die herritarrei egunotan sor daitezkeen eragozpenengatik. Jarduketak bukatzean, seinaleztapena kenduko dela eta ohiko trafiko antolaketa berrezarriko dela jakinarazi du udalak.
