Bertso eskola izango du Pasaiak
Udalak bertso eskola jarriko du martxan ikasturte honetan, Antxon eta San Pedron taldeak osatuta. Izen emateak irekita daude jada.
Pasaiako Udalak bertso eskola jarriko du martxan 2026-2027 ikasturtean, Antxon eta San Pedron taldeak osatuta. Eskola sortzearen helburua da “haur eta nerabeei eskolatik kanpo euskaraz aritzeko guneak eskaintzea, eta, bereziki, ahozkotasuna, sormena eta euskararen erabilera sustatzea”. Udalak Gipuzkoako Bertsozale Elkartearekin betera sortu du egitasmoa.
“Urte hauetan guztietan argi ikusi dugu euskararen erabileran eragiteko zein garrantzitsua den haur eta nerabeek eskolatik kanpo euskaraz bizitzeko guneak sortzea eta sustatzea, batez ere ahozkotasuna lantzeko”, adierazi du Laura Ré Pasaiako Euskara zinegotziak.
Rérekin batera, Bertsozale Elkarteko kide den eta Pasaiako taldeetako irakaslea izango den Andoni Rekondok hartu du parte. Rekondok baietsi du eskola aukera aproposa dela “gazteek euskaraz aritzeko erraztasuna eta konfiantza irabaz dezaten, eta hizkuntza modu natural, atsegin eta ludikoan erabiltzeko aukera izan dezaten”.
Asteroko saioetan, gazteek doinuak, errimak, pasadizoak, hiztegia, erritmoa eta ahozkotasuna landuko dituztela jakinarazi dute arduradunek, betiere jolasaren, musikaren, inprobisazioaren eta talde lanaren bidez.
LH4tik gorakoentzat
Bertso eskola LH4tik gorako ikasleei begirakoa dela zehaztu du udalak, DBHko ikasleak barne. Parte hartzeko, udalak adierazi du ez dela beharrezkoa bertsogintzari buruzko aurretiko ezagutza izatea. Baldintza bakarra da ikasteko eta ondo pasatzeko gogoa izatea.
Saioak astean behin izango dira, ordubetekoak, eta zerbitzua doakoa izango da. Bi talde osatuko dituzte, Antxon eta San Pedron. Antxoko saioak ostegunetan izango dira, 17:00etatik 18:00etara. San Pedrokon, aldiz, ostiraletan bilduko dira, 16:00etatik 17:00etara.
Asteroko saioez gain, ikasturtean zehar aisialdiko hainbat jarduera egingo dituzte bertso eskolako kideek; hala nola, bertso udalekuak, egun pasak, Gelatik Plazara egitasmoa, asteburu pasak edota meriendak.
Izen emateak
Bertso eskolan aritzeko izen emateak irekita daude jada, eta urriaren 2a da apuntatzeko azken eguna. Parte hartzeko, galdetegi bat bete behar da.
