Gizarte inklusioaren gaineko EHUren jardunaldietan parte hartu du udalak
Errenteriako Udalak hilaren 2an eta 3an Batuz Fundazioak antolaturiko EHUko ikastaroan parte hartu du gonbidatu gisa.
Errenteriako Udalak hilaren 2an eta 3an Batuz Fundazioak antolaturiko EHUko ikastaroan parte hartu du gonbidatu gisa. Udalak berak jakinarazi duenez, Komunitateko eragile ezberdinen arteko erantzukizun partekatua, lankidetza aliantzak eta sinergiak mahai inguruan hartu du parte. Bi egunetan zehar, erreferentziazko hitzaldiak, eragile anitzeko elkarrizketa mahaiak eta parte-hartze espazioak uztartu dira, trukea, hausnarketa kolektiboa eta ikaskuntza partekatuen eraikuntza sustatzeko helburuz.
Ikastaroan, Errenteriako Udalaren Kultur Aniztasuna, Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideetako Samira Goddi teknikariak hartu du parte, “udalak indarrean dituen ekintza parte hartzaileko egitasmoen erronkak eta aukerak azaldu ditu. Mahai-inguru berean, EHUko ikerlari, Devenir elkarteak eta Batuz Fundazioko bi kidek parte hartu zuten praktika desberdinen adibideak azalduz”.
Udalak dituen bederatzi dinamizatzaileen lana eta egitekoa parte hartzearekin oso lotua dagoela ekarri du gogora Goddik, nahiz eta hauen ardura soila ez izan eremu hori. Aipatutako gakoen artean, espazio neutroak sortzea, malgutasuna lehenestea, benetan entzuteko prest egotea eta ahotsa dibertsifikatzeko neurriak hartzea aipatu ditu udal teknikariak. Elkartegintza aliatu gisa eta honen garrantzia azpimarratu du, betiere, horien errepresentazioak zabaltzeko neurri osagarriak hartuaz. Bukatzeko, iniziatiba komunitarioak gizarte alorreko egoera askoren prebentzio neurri direla nabarmendu du, eta kultur aniztasuna komunitatea kudeatzeko estrategia bat baino, “nola bizi nahi dugun erabakitzeko” modu bat dela adierazi du.
Ikastaroan zehar, ideia oso antzekoak partekatu dira; besteak beste, harremanen garrantzia, denboren eta erritmo malguen beharra, aniztasunaren parte-hartze errealaren erronka, honek guztiak eskatzen duen ikuspegi aldaketa …
Dinamika hauetan sortutako ikaskuntzak, hausnarketak eta ekarpenak dekalogo kolektibo batean jasoko dira, eta ikastaroaren bukaeran partekatuko dira.
